Galdera

 

'Absolutismoa' eta 'monarkia absolutua': letra larriz?

 

Data: 2014/01/02



Erantzuna

 

Ez: letra xehez.

 

 

1/ EIMAren Letra larriak liburuan, zotitxarrez, ez da aipatzen nola idatzi behar diren gobernu era edo erregimen politikoen izenak, letra larriz edo xehez.

 

2/ Dena dela, 3. atalean (“Letra larriak noiz ez diren erabili behar”), zehazten da:

3. «Ez dira letra larriz idazten jentilizioen izenak eta pertsona-izenetatik etorritako izen eta izenordainak: […] aristotelismoa, darwinismoa, leninismoa, taylorismoa…».

12. «Ez dira letra larriz idazten arteetako, filosofiako edo literaturako genero, estilo, joera edo konposizio moten izenak: […] erromantizismoa, inpresionismoa, kubismoa, klasizismoa, sinbolismoa, surrealismoa, existentzialismoa, postmodernitatea…».

18. «Ez dira letra larriz idazten erlijioen izenak eta erlijio bakoitzaren jarraitzaileen izenak: kristautasuna, budismoa, islamismoa, katolizismoa, xamanismoa…».

 

3/ Era berean, Berriaren estilo liburuan, zehazten da ez direla letra larriz idatzi behar

«arte, ideologia eta kultur mugimenduak: fauvismoa; minimalismoa; marxismoa

Baina orokorragoak izanik aldi historikoa ere adierazten dutenak, larriz:

Erreforma; Pizkundea; Erromantizismoa; Ilustrazioa…».

 

 

4/ Beraz, aurreko guztia kontuan hartuta, eta bertan esandakoak erregimen politikoekin ere erabiltzekoak direlako segurantzan, hauek guztiak letra xehez idatziko genituzke: monarkia (absolutua), demokrazia (zuzena), diktadura (militarra), parlamentarismoa, presidentzialismoa, totalitarismoa, federalismoa

Baina, izenak garai jakin bati erreferentzia egiten dionean, aldi historiko bat izendatzen duenean, ostera, letra larriz idatziko genuke: “1959an, Diktaduran, Falangeren premiarik ez eta, erakunde faxistari hildakoen monumentuak eraikitzea eta halako zeregin sinbolikoak eman zitzaizkion”.