Galdera

 

'Eficacia' eta 'eficiencia' Ekonomia arloko terminoak: nola eman euskaraz?

 

Data: 2014/02/11



Erantzuna

 

Eficacia: efikazia

Eficiencia: eraginkortasuna (efizientzia)

 

 

1/ Dirudienez, hizkera arruntean ez bezala, bi berba horiek bereizi egiten dira Ekonomia arloan; bakoitzak adiera bat hartzen du:

 

Eficacia (gazt.) / efficacité (fr.) / efficacy (ing.): Enpresak ezarritako helburuak betetzea da. Adibidez, enpresa baten asmoa 8.000 motxila ekoiztea da, eta unitate horiek ekoiztea lortzen du.

Efizientzia (gazt.) / efficience (fr.) / efficiency (ing.): Enpresak ezarritako helburuak lortzeko duen gaitasuna da, betiere gutxieneko baliabideak erabiliz. Aurreko adibidearekin jarraituz, enpresak 8.000 motxila ekoizten ditu, baina lanordu kopurua eta oihalaren kostua optimizatuta.

 

2/ Kaleko hizkeran, uste dugu aski dela eraginkor(tasun) hitzarekin, gehienok ez ditugu-eta horrelako ñabardurak egiten.

 

3/ Ekonomian, berriz, bereizketa egin beharra dago, baina euskal erroko berba bat baino ez dugu (badakigu, dena dela, batzuek jorratu nahi izan dutela eragimen(tsu) baliatzearen bidea, baina ez du ematen arrakastatsua izan denik). Beraz, badirudi ezinbestekoa dela mailegu bat hartzea bi adiera haietako baten berri emateko.

 

Itzultzaileen arteko eztabaida batetik ondorioztatu daitekeenez, erantzun laburrean azaldu dizugun bereizketa egitea proposatzen omen dute aditu gehienek: efikaz mailegua Orotariko Euskal Hiztegiak jasotzen duenez, beste adierarako gorde liteke eraginkor euskal ondareko berba.


Oharra: Itzul delakoan izan dugu eztabaida horren berri. EIZIEk sortutako posta zerrenda da Itzul, eta eguneroko lanean sortu ohi diren arazoak beste lankide itzultzaileen laguntzaz konpondu eta eztabaidatzeko foro elektronikoa eskaintzen du. Zorionez, Euskalbar tresna barran integratuta dago.

 

Arazoa ez litzateke arazo izango, noski, Ekonomian diharduten guztiek bereizketa halaxe onartu eta denek berdin-berdin jokatzea erabakiko balute. Baina zaila da hori gure gizartean: talde bakoitzak bere proposamena plazaratzen du, eta baliteke proposamenok guztiz kontrajarriak ere izatea zenbaitetan. Ea suerte ona dugun!