Galdera

 

'Escucha activa': nola eman euskaraz?

 

Data: 2014/02/12



Erantzuna

 

 

Entzute aktiboa

 

1/ Inguruko erdaretan, hizkera arruntean, bina aditz (gutxienez) erabiltzen dira euskarazko entzun aditzaren adieretan:

 

Escuchar (gazt.) / écouter (fr.) / listen (ing.): Entzumena berariaz edo apropos erabili norbaitek dioena –esaterako– sumatzeko.

Oír (gazt.) / entendre (fr.) / hear (ing.): Entzumenaren bidez sumatu, nahita edo nahi gabe.

 

2/ Euskaraz, berriz, entzun aditzak aurreko bi esanahiak hartzen ditu, eta testuinguruak berak argitzen du noiz zein adiera hartzen duen. Gauza bera gertatzen da aditurekin: hiztun batzuentzat, borondatea izan behar da aditzeko; beste batzuentzat, kontu fisiko hutsa baino ez da aditzea (gainera, hizkera batzuetan ulertzea ere bada, edo usain bat sumatzea, edo begiak zerbaitetan jostea…).

Beraz, gure ustez, ez da komeni –modu naturalean, behinik behin– honelako identifikazioak egitea:


·        oír / entendre / hear = entzun

·        escuchar / écouter / listen = aditu

 

3/ Areago: escucha activa terminoa euskaratzeko orduan, –kasu honetan– aktibo adjektiboak borondatearena berezkoa duenez, ez dago inolako arazorik entzute aktibo modura emateko, eta horixe erabiltzea aholkatzen dizugu.

Gauza bera gertatzen da, gure ustez, entzuten ikasi/jakin sintagmekin: ez dira batere anbiguoak, nahiz eta entzun anbiguoa izan, ikasi edo jakin aditzek zehaztu egiten baitute esanahia.

Guk geuk ez genuke, gainera, aditu baliatuko horretarako: kontuan hartu soinuak, irudiak, usainak eta beste aditzen direla, eta, beraz, aditze aktiboa anbiguoagoa suertatu litekeela…