Galdera

 

Esapide bi: nola eman euskaraz “Todo cojo es andariego” eta “Fuenteovejuna, todos a una”?

 

Data: 2014/02/09



Erantzuna

 

 

1/ Hizkuntzetan, irudi batzuk finkoak eta aldaezinak dira: esapideak, atsotitzak... Forma alde batera utzi, eta egoeraren aldetiko egokitasuna bilatu behar dugu: zenbaitetan oso zaila da, publizitate kanpainetan kasu, hitz-jokua tartean dagoenean...

 

Esaterako:


·        La carabina de Ambrosio = Astoaren arrantza / Horren hitzak eta atariko haizea... biak bat

·        Ez gatz ez berakatz = Ni fu ni fa

·        Lameculos = Ipurgarbitzaile

·        Zozoak beleari ipurbeltz = Ver la paja en el ojo ajeno y no ver la viga en el propio

·        La mala hierba nunca muere = Belar gaiztoak zainak luze

·        Jakina, Maria Joakina = Por supuesto, Jose Ernesto

·        El que sabe, SABA = ??

·        Giputza jan eta poz; nafarra jan eta hotz = ??

 

Bistan dago, beraz, hizkuntza bakoitzak bere baliabideak dituela horrelako esapideak eta beste eraikitzeko.

 

2/ Euskarazko atsotitzen kontura, oso iturri baliagarria dugu eskura, baita Interneten ere: Gotzon Garateren Atsotitzak bilduma, 14.458 esaera zahar biltzen dituena, eta –ahal denean– espainolez, ingelesez eta latinez ere nola esaten diren jasotzen duena.

 

Zoritxarrez, ez dugu “Todo cojo es andariego” horren baliokidea izan litekeenik topatu bilduma horretan, nahiz eta herrenen gaineko esaera zahar ugari jaso. Jakina, ez legoke arazo handirik kalkatzeko:


“Herrena, ibiltari”

“Herrena, ibilzale”

 

Atsotitzak bilduman, ordea, “Quien la sigue la consigue” delakoaren baliokidea ei den esaera bat aurkitu dugu, adierazi nahi duzunarekin nolabaiteko zerikusia baduena:

“Herrena, herren egin arren, urrunera”

 

Gainera, gustu-gustukoa dugu, balio estetiko handia ematen baitio aliterazioak:


“Herrena, herren egin arren, urrunera”

 

 

3/ Fuenteovejunarena aipatzen da Anjel Lertxundiren Letrak kalekantoitik liburuko pasarte honetan:


«Kopuru handia adierazten du elemenia hitzak, eta Lope de Vegaren gaztelaniazko Fuenteovejuna guztiz ezagunaren pareko papera beteko luke gurean, baldin inork hartarako aukerarik emango balio.

Demagun hiri jakin batean izenik gabeko bidegabekeriaren bat egin duela bertako agintari batek. Herriak, haserre bizian, agintariaren etxea hartzen du, eta justizia eskatzen.

Hiriburuko agintariek beren gudalosteak bidali dituzte matxinada suntsitzera. Dena bakebaretu eta gero, militarrek tribunalen txanda dela erabaki dutenean, epaileak galdetzen die matxinoburuei:

—Nork suntsitu du mikeleteburuaren jauregia?

Matxinoburu guztiek aho batez:

—Elemeniak, jauna!»

 

Emango diozu aukera elemenia berbari Fuenteovejunarena adierazteko? Esaterako, gelan ikasleei:


(Zuek beti berdin:) “Nork apurtu/bota/esan/… du X? Elemeniak!”

 

Edo, atsotitzen ereduari jarraiki geuk asmatutako hau:


“Motroiloan/Tronpoiloan, ardurak doan”