Galdera

 

Arrain zopa, txorixo bokata, patata tortilla baina txokolatezko izozkia, marrubizko tarta, platanozko jogurta? 

 

Data: 2014/02/28



Erantzuna

 

 

Bi egiturak dira zuzenak, baina maizago erabiltzen da hitz elkarketa: intxaur saltsa, berakatz zopa, urdaiazpiko ogitartekoa

 

 

1/ Beste hainbat konturekin gertatzen den bezala, Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki edo gomendatu auzi honen gainean: literatura tradizioan eta gaur egungo euskaran zer egitura erabili diren ikertzen dihardu, orakulua eman aurretik. Hala, oso esanguratsua da ‘ogitarteko’ sarrerako adibideak erkatzea Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian eta Euskaltzaindiaren Hiztegian (2012an argitaratua):


·        Euskal Hiztegia: urdaiazpikozko ogitartekoak

·        Euskaltzaindiaren Hiztegia: urdaiazpiko ogitartekoa; ogitarteko bat, urdaiazpikoarena

 

2/ Dena dela, argi dago tradiziotik heredatu ditugun forma guztiak hitz elkarketaren bidezkoak direla: oilo zopa, ogi zopa, arrain zopa, tripaki zopa, patata arrautzopila, porrusalda, oilo salda, arto irin, baba zuku, esne zuku

Oso zalantzazkoak lirateke adibide horiek guztiak, gure ustez, -zko loturarekin eraikiko bagenitu: porruzko salda (??), artozko irina (?), intxaurrezko saltsa (??)…

Beraz, zure adibideetan, zalantza izpirik gabe osatu ditzakezu bigarren sailekoak modu honetan: txokolate izozkia, marrubi tarta, platano jogurta…

 

3/ Esperimentu batzuk egitea proposatuko dizugu puntu honetan, zuk erabili dituzun hiru izenekin; bilatu Ereduzko Prosa Dinamikoa EHUren esaldi gordailuan:


a/ izena + izozki


Emaitzak: marrubi izozkia eta marrubizko izozkia, txokolate izozkia eta txokolatezko izozkia, gazta izozkia, kafe izozkia, kakaozko izozkia eta jogurt izozkia.

 

b/ izena + jogurt


Emaitza bakarra: frutazko jogurtak.

 

c/ izena + tarta


Emaitzak: kremazko tarta, irasagar tarta, gaztazko tarta, ron tarta, txokolate tarta eta txokolatezko tarta, sagar tarta, gerezi tarta, fruitu tarta, mugurdi tarta, limoizko tarta, izozki tarta, intxaur tarta, kanelazko tarta eta kalabaza tarta.

 

 

Ikusten duzunez, bi egiturak erabiltzen dituzte gure idazleek, baina badirudi maizago baliatzen dutela hitz elkarketarena, goian aipatu dizugun bezala, baita hitz modernoekin  (izozki, jogurt…) ere.

 

4/ Eskaini dizugu bide seguru bat horrelako sintagmak osatzeko: hitz elkarketa. Baina, zoritxarrez, ezin da beti erabili. Adibide batzuekin plazaratuko dizugu arazoa, baina beste baterako utzi erantzuna:


·        Barazki panatxea, baina nola eman euskaraz Parisko jatetxeetan eskaintzen duten panaché de légumes frais delakoa?

(Hitz elkarketa debekatuta daukagu adjektibo edo bestelako izenlagun bat jartzen badiogu elkarketaren lehen osagaiari: barazki fresko panatxe / gure ortuko barazki panatxe)

·        Urdaizpiko ogitartekoa, baina nola euskaratu bocadillo de jamón de Jabugo?

·        Babarrun eltzekaria, baina nola euskaratu potaje de alubias blancas?

 

Esan bezala, horiek eta horrelako beste hainbat, norbaitek kontsulta egingo balu, hurrengo baterako.