Galdera

 

Antes de hablar, piensa dos veces lo que vas a decir”: nola eman euskaraz?

 

Data: 2014/03/05



Erantzuna


Zehar galdera baten bitartez: “Hitz egin aurretik, bi aldiz pentsatu (ezazu) zer esan(go duzun)

 

1/ Kontsultan, aipatu diguzu nonbait hau irakurri duzula:


«Cuando queremos traducir una frase del castellano al euskera, si en ella vemos que aparece: LO QUE tenemos tendencia a identificarla como una oración de relativo y esto nos induce a error, pues esas construcciones, generalmente, son “zehar galdera” en euskera.

Hay una manera de comprobarlo: si a la frase en castellano le suprimes LO y sigue teniendo sentido la frase, debes traducirla al euskera como una “zehar galdera”. Ejemplo:

No sabes lo que dices = No sabes qué dices = Ez dakizu zer esaten duzun


Si al suprimir en castellano LO, la frase pierde su sentido, es una oración de relativo en ambos idiomas. Ejemplo:

Lo que han hecho ha sido terrible # que han hecho ha sido terrible = Egin dutena izugarria izan da »

 

Guk ere aurkitu dugu Interneten; Santurtziko udal euskaltegiaren web-orrian, hain zuzen ere.

 

Eta halaxe da: “lo” kendu eta gero geratzen denak aurreko esanahi berbera badu, euskara zuzenean zehar galdera da erabiltzekoa:

 

·        “Nos informaba de lo que se tramaba en el gobierno = “Jakinarazten zigun zer egosten zen gobernuan”

·        “Te demostraré lo que ocurre cada vez que cierras los ojos = “Frogatuko dizut zer gertatzen den begiak ixten dituzun bakoitzean”

·        “Describe lo que ves = “Deskribatu zer ikusten ari zaren”

(baina “Describe el paisaje que estás viendo = “Deskribatu ikusten ari zaren paisaia”)

 

 

2/ Baina ez “lo que erlatiboekin bakarrik. Erdaraz, ohitura gero eta zabalagoa dago erlatibozkoaren itxuran adierazteko esanahiaren aldetik galdera inplizituak baino ez direnak, edozein delarik ere burua:

Hala, “Aún no hemos decidido el monte al que subir mañana esaldian, decidir aditzaren objektua ez da el monte, baizik eta perpaus osoa:

Aún no hemos decidido a qué monte subir mañana = “Oraindik ez dugu erabaki zer menditara igo bihar”

 

Beste adibide batzuk:

 

·        “No ha reconocido el precio al que ha comprado las botas = “Ez du aitortu zenbatean erosi dituen botak”

·        “Me gustaría saber ya el equipo que va a quedar cuarto este año” = “Irrikitan nago jakiteko zer talde geratuko den laugarrena aurten”

·        “Me preguntó los años que tiene Nacha Guevara = “Galdetu zidan zenbat urte dituen Nacha Guevarak”

·        “Discutieron sobre las razones por las que no lo hicieron a tiempo y las consecuencias de su falta” = “Eztabaidan ibili ziren ea zergatik ez zuten garaiz egin, eta zer ekarriko zuen hutsegite horrek”

·        “Estad atentos al modo en que se agrieta el glaciar = “Erne egon nola arrakalatzen den glaziarra”

·        “Es importante conocer el lugar donde se esconde el alumnado para fumar = “Garrantzitsua da jakitea non ezkutatzen diren ikasleak erretzeko” (ez ezagutzea!)

·        “Alucino con lo rápido que ha acabado el sudoku = “Harrigarria da zein arin burutu duen sudokua”

·        “He adivinado sin problemas la persona que me escribió el anónimo = “Arazorik gabe igarri dut nork idatzi zidan anonimoa”

·        “Me he dado cuenta de lo poco que me miras = “Ohartu naiz zein gutxi begiratzen didazun”

 

 

3/ Zehar galderak gobernatzen dituzten aditzak hauek dira: galdetu, esan, jakin, erabaki, igarri, somatu, antzeman, ohartu, konturatu, ikusi, begiratu, aztertu, beldur izan, dudatan jarri, eztabaidan egon, garbi izan, gogoratu, ahaztu, kontuak atera, irakatsi, erakutsi, zain egon

 

·   Hartu dezagun haietako bat, zehar galderak eta bestelako osagarriak hartu ditzakeena: begiratu.

 

Jakina, esanahi desberdinak dituzte bi esaldi hauek:

“Begiratu nor sartu berri den” (zehar galdera) ¹ “Begiratu sartu berri denari” (erlatiboa)       

 

·   Orain, berriz, hartu dezagun zehar galderarik onartzen ez duen aditz bat: ezagutu.

 

“Ez dut ezagutzen gutuna ekarri duen morroi hori” = “No conozco al que ha traído la carta

*“Ez dut ezagutzen nork ekarri duen gutuna

 

           

 4/ Baliteke zenbaitetan erlatibozko esaldia eta zehar galdera biak izatea zuzenak:

·      “Kalkulatu diodotik pasatzen den korrontea” = “Kalkulatu zer korronte pasatzen den diodotik / Kalkulatu zenbateko korrontea pasatzen den diodotik”

 

 

Kontua da horietan ere zehar galderak erabiltzera jo beharko genukeela, erlatibozko perpausak luze-luzeak izan daitezkeelako:

 

·      “Indicad el número de alumnos/as que pasarán a cuarto curso si las previsiones de sus tutores/as se cumplen gaztelaniazko esaldia ulertzeko  ez dago aparteko arazorik, gure ustez.

Baina erlatibozkoari eutsita euskaratuko bagenu, esaldia ulergaitza da, itzulpen interkraneala egin ezean:

“Zehaztu (ezazue) tutoreek iragarritakoa betetzen bada laugarren mailara pasatuko diren ikasleen kopurua” (????)

 

Kontrara, zehar galdera baliatuta, ulergarritasuna bermatuta legoke:

“Zehaztu (ezazue) zenbat ikasle pasatuko diren laugarren mailara tutoreek iragarritakoa betetzen bada”

 

 

5/ Batzuetan, erlatibozkoa agerian ez badago ere, galderak inplizituak egoten dira (oso ezkutatuta, zenbaitetan), erdarazko esaldietan. Horrelakoetan ere, egokiago ematen dira euskaraz zehar galderak erabilita:

 

·      “Hemos de decidir la ubicación de la sala de informática = “Erabaki behar dugu non kokatu informatika gela”

·      “Ten en cuenta la gran disposición del sindicato para negociar = “Kontuan hartu zein prest dagoen sindikatua negoziatzeko”

·      “Es conveniente evaluar los progresos individuales del alumnado = “Komeni da ebaluatzea zer/nola/zenbat aurreratu duen ikasle bakoitzak”

·      “Consensuaron los plazos del desarrollo de la nueva ley = “Adostu zuten zer epetan garatu lege berria”