Galdera

 

“Ez naiz askoz gehiagoz enteratu” edo “Ez naiz askoz gehiagotaz enteratu”? 

 

Data: 2014/03/06



Erantzuna

 

a/ Gehiagoz, eta ez gehiagotaz.

b/ Gure ustez, kalko okerra da proposatu diguzun esaldia. Hobe honelako zerbait:Hortik gora, ez dut gauza handirik ulertu

 

 

1/ ZERTAZ edo ZEREZ kasuaren markak hauek dira:


Mugatu singularra

Mugatu plurala

Mugagabea

mendiAZ

mendiEZ

mendiZ

 

Beraz, lekuzko kasuetan (NON, NONDIK, NONGO, NORA, NORANTZ, NORAINO) ageri den mugagabeko -TA- eta pluraleko -ETA- (menditan/mendietan, menditatik/mendietatik, menditako/mendietako, menditara/mendietara, menditarantz/mendietarantz, menditaraino/mendietaraino) horiek, nahiz eta hizkera askotan instrumentalera ere pasatu diren, ez dira zuzenak ZERTAZ edo ZEREZ kasurako euskara batuan, Euskaltzaindiak 1968an ezarri zuenez (menditaz/mendietaz). Hauek dira salbuespen bakarrak:

·        Pertsona izenordainekin: nitaz, hitaz, gutaz…

·        Galdetzaileekin: zertaz, nortaz…

·        Erakusleekin: honetaz, horretaz, haietaz…

 

Ikusten duzunez, gehiago ez da salbuespen horietakoa. Eta mugagabea denez, -Z marka hartzen du: gehiagoz.

 

Ereduzko Prosa Gaur corpusean ehundik gora adibide dituzu gehiagoz (estekan kontsultatu ditzakezu) formarenak; gehiagotaz delakoarena, berriz, bat ere ez.

 

 

2/ Beste kontu bat da kalkoarena. Zalantzan egon gara honetaz ohartarazi edo ez ohartarazi, gehiegizko xehetasun eta zehaztapenetan korapilatu ere egin gintezke eta; gainera, aurreko estekan kontsultatzen baduzu erraz ikusiko duzunez, guztiz zabalduta dagoen kalkoa da.

 

Hartu dezagun Ereduzko Prosa Gaur corpuseko esaldi horietako bat:

 

“Azkoitiko saioan ongi atera zitzaion dena, baina etzidamu bi minutu gehiagoz jardun behar du”

 

Gure ustez, “Azkoitiko saioan ongi atera zitzaion dena, baina etzidamu beste bi minutuz jardun behar du” zuzenagoa da. Zergatik? Konparazioetan baino ez da erabiltzekoa gehiago, konparazioa esplizitua zein inplizitua izan. Eta zurea, gure ustez, ez da konparazioa (“lehen baino askoz gehiagoz” balitz, bai, noski).

 

Erdararen eraginagatik (más konparaziozkoak ez diren esaldietan ere erabiltzen denez), bestelako testuinguruetan ere erabiltzen dugu zenbaitetan gehiago (Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburutik hartu ditugu adibideak (150. eta 50. or.):

 

·        “Tenía cinco y me han dado tres más” → “Bost nituen eta beste hiru eman dizkidate” (ez “Bost nituen eta hiru gehiago eman dizkidate”)

 

·        Hala, “Gimnasio batera 38 lagun joan dira gaur goizean, eta arratsaldean 65 gehiago” esaldia anbiguoa gertatzen da: arratsaldekoak 103 (goizean baino 65 gehiago) edo 65 izan daitezke, nola interpretatzen dugun.

Hobe da honela: “Gimnasio batera 38 lagun joan dira gaur goizean, eta arratsaldean beste 65

 

·        Honako adibide honetan, ez dago konparaziorik, eta, beraz, ez dagokio baino gehiago erabiltzea. Falta den zerbaitez galdezka ari garenez, zer beste(rik) da erabiltzekoa.

“Esan marrazkikoak baino zer gauza gehiago behar den mendirako” → “Esan, marrazkiko gauzez gainera, zer beste(rik) behar den mendirako”