Galdera

 

'Mota askotako' ala 'mota askoko'? 'Mota bitako' ala 'mota biko'? 'Mota bateko' ala 'mota batetako'?

 

Data: 2014/03/10



Erantzuna

 

 

Mota askotako / Mota bitako / Mota bateko

 

1/ Euskaltzaindiaren 34. arauak, labur esanda, hau dio:

A.    -ko atzizkia erabili behar da euskara batuan (eta ez -tako!) NOLAKO galderari erantzuten dioten izenlagunetan, zenbatzaileak –zehaztuak zein zehazgabeak– badituzte:

·         “Platonen arabera, bi hankako / hanka biko animalia lumagabea da gizakia”

·         Bost musikariko taldea da Doctor Deseo”

·         Urte askoko aita izateak arazoak ekarri liezazkioke haurrari”

·         Guraso bateko familiak gero eta ugariagoak dira gure gizartean”

·         “Hura ez da konformatzen gela bateko apartamentu batekin: gela ugarikoak ditu nahiago”

 

B.     NONGO (edo NOIZKO) galderari erantzuten badiote, berriz, mugagabeko -tako kasu-marka erantsi behar zaizkie izenlagunei (eta -(e)ko mugatu singularrean, eta -etako mugatu pluralean):

·         “Bi baserritako / Baserri bitako ahuntz gaztak erosi nituen Ossau-Iratin” (NONGO)

·         “Bost urtetako atentatuak ditut oraindik iltzatuta buruan: 1973, 1978, 1986, 2001 eta 2004koak, hain zuzen ere” (NOIZKO)

·         “Azkenean, geldiarazi egin zuten zentrala, egun askotako manifestazio jendetsuek bultzatuta” (NOIZKO)

·         “Lehengo egunean, habi bateko txori jaioberri guztiak harrapatu zituen Juanjok” (NONGO)

·         “Hainbat ikastetxetako gaztetxoak bildu ziren Zea Mays-en emanaldira” (NONGO)

 

Horrek esan nahi du bereizi behar ditugula, adibide kanonikoa jartzearren,

  •      bost urteko ardoak (= bost urte dituzten ardo onduak, esaterako)

  •    bost urtetako ardoak (= 2001eko, 2004ko, 2005eko, 2010eko eta 2011ko uzta bikainetako Errioxako ardoak, esaterako)

 


2/ EIMAren estilo liburuko parte den Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburuan badituzu beste adibide batzuk (169.-171. or.).

 

Gainera, zure kontsultari berari erantzuten dionez (6.2.5. ataltxoan), bertakoa aldatuko dizugu hona:

 

«Zalantza sortu ohi da mota, era, sail, neurri eta kategoria izenekin (batez ere, ikusten denez, mota hitzarekin). Halakoek NONGO adiera dute, sailkapen baten erreferentzia ematen dutenez. Adibidez, «neurri batekoak eta beste neurri batekoak» beti «bi neurritakoak (edo neurri bitakoak)» izango dira.

Beraz, -tako dagokie honelakoei:

·         bi motatako ondorioak edo mota bitako ondorioak (ez bi motako ondorioak)

·         bost eratako probak (ez bost erako probak)

·         bi neurritako piezak (ez bi neurriko piezak)

 

3/ Zenbatzailea bat denean, berdin dio NOLAKO edo NONGO (edo NOIZKO) zein galderari erantzuten dion izenlagunak : beti da erabiltzekoa bateko, eta ez batetako, Euskaltzaindiak bere 12. arauan dioenez.