Galdera

 

'Jo' aditza: nola erabili?

 

Data: 2014/03/24



Erantzuna


NOR-NORK sailekoa da jo aditza. Beraz, “harriak agurea jo zuen”.

 

 

1/ Jo aditzaren lehen adiera hau da: “Gauza batek beste bat halako indarrez ukitu” eta “Kolpe bat edo kolpeak eman”. Horrelakoetan, du motako laguntzaileak erabiltzen dira euskaraz, eta ez dio motakoak.

 

Adibide batzuk ekarriko dizkizugu horren erakusgarri, Ereduzko Prosa Gaur gordailutik hartutakoak (“buruan jo” kontsultatu dugu bertan):

 

·         “Uhala garraiatzen ari zen orga batek buruan jo zuen langilea eta hantxe bertan hil zen”

·         “Laster, beste elur-txatal batek teilatuaren aldapatxoan behera laster egin, eta buruan jo baitu gure Gergorio”

·         “Noiz edo noiz antzezpen bat edo beste egiten nuen, arerioaren perdigoi batek buruan jo eta lurrera botatzen ninduela, eta, horrela, hark bere besoetan hartzen zuen nire gorputz txikia”

·         “Bitartean, auto txuriko gibeleko atea ireki egin zen; Saxok, ordea, oina harrapatuta zeukan eta, ezin izan zuen ebitatu ateak buruan jo zezan”

·         Periko bere egoera ondikozkoak okerrerago ezin zuela egin pentsatuz zihoan sargoriak jendegabetutako kalean aurrera, kristalak estali eta zurak mugatutako irudi hark buruan jo zuenean”

·         Txixa-erreka luzea izan zen. "Garagardoz betetako ibaia da bizitza" esan zuen bere bostean, eta harri filosofalak buruan jo balu bezala sentitu zen”

·         “Guardia Zibilak jaurtikitako pilotakadak buruan jo zuen”

 

Kolpe, zapla, zartada, zartako, muturreko, belarriondoko, ostia, kaskako, ukaldi… eta antzeko osagarriekin, gure aholkua da eman aditza baliatzea; NOR-NORI-NORK saileko laguntzaileak hartu ditzake noski eman aditzak zehar objektua ageriz gero:

·         “Eman zion zaldiari makila-ukaldi bat”

Beste adiera batzuetan, jo aditzak bestelako osagarri zuzenak hartu ditzake (txaloak jo, musika jo, adarra jo, trago bat jo, hordago jo, enbido jo…), eta, orduan, onartzen ditu NOR-NORI-NORK saileko laguntzaileak:

 

·         “Beste trago bat jo diot botilari”

·         “Eta are alaiago sentitzen naiz jendeak txaloak jotzen dizkigunean

·         “Adarra joko digu nahi adina aldiz, kapelatik usoa ateratzen duen magoaren gisan”

·         “«Hordagoa» jo diote SNCF tren konpainia publikoari”

·         “Txistuak jo dizkidazue, baina maite zaituztet oraindik» kantatu behar izan zuen Xalbadorrek”

 

2/ Zenbait hizkeratan, dena dela –erdararen interferentziaz edo analogiaz–, NOR-NORI-NORK saileko laguntzaileak esleitzen dizkiote  jo aditzari; esaterako, sartaldeko bizkaieraren hizkera ugaritan (“Lagunari jo eutsonetik, haren amak ez deutso berba erdirik be egin”). Baina erabilera horrek ez du lekurik euskara batuan.