Galdera

 

'Datorren/hurrengo astean': zer alde dago? 

 

Data: 2014/03/25



Erantzuna

 

 

Datorren astea: oraina da denbora erreferentzia.

Hurrengo astea: edozein une da denbora erreferentzia.

 

 

1/ Hizketan ari garen unea (oraina) da erreferentzia datorren astean eta heldu den astean (edo, atzera joanda, joan den astean) esaten dugunean:

·         Gaur ezin baduk, etor hadi autoarekin datorren astean, ordurako pentsatuko diat zer edo zer = Gaur ezin baduk, etor hadi autoarekin heldu den astean, ordurako pentsatuko diat zer edo zer = Gaur ezin baduk, etor hadi autoarekin hurrengo astean, ordurako pentsatuko diat zer edo zer.

·         Dirudienez, gaur bertan hilko da Bilboko alkatea. Harrigarria da: joan den astean (= aurreko astean) ikusi nuen, eta ematen zuen onik irtengo zela.

Baina, hitz egitean iraganeko edo etorkizuneko edozein une aipatzen dugunean, hura erreferentzia hartuta erabiltzen dugu hurrengo astean (edo, atzera joanda, aurreko astean):


·         1961eko abenduaren 2an jaio, eta hurrengo astean eraman zuten Iñaki Begoñako basilikara bataiatzera (1961eko abenduaren 2an jaio, eta datorren astean eraman zuten Iñaki Begoñara bataiatzera).

·         Bi aste barru, Aste Santuko oporrak! Aste Santuan, hemen geratuko naiz; baina hurrengo astean, hegazkina hartu, eta Azoreetara joango naiz (Bi aste barru, Aste Santuko oporrak hartuko ditut! Aste Santuan, hemen geratuko naiz; baina datorren astean, hegazkina hartu, eta Azoreetara joango naiz).

·         1961eko abenduaren 2an jaio zen. Aurreko astean (joan den astean), baina, amaren egoeraren larria ikusita, gutxik pentsatuko zuten biziraungo zutela.

·         Bi aste barru, Aste Santuko oporrak! Pazko astean, hegazkina hartu, eta Azoreetara joango naiz; baina hemen geratuko naiz aurreko astean (joan den astean).

 

2/ Inguruko hizkuntzetan ere bereizten dira bi kontzeptuak:


EUSKARAZ

GAZTELANIAZ

FRANTSESEZ

INGELESEZ

Datorren astea /

Heldu den astea

La semana que viene

La semaine prochaine

Next week

Hurrengo astea

La semana siguiente

La semaine suivante

The following week

 


3/ Amaitzeko, beste adibide bat jarriko dizugu. Ea elkarrizketa honek argitzen dizun auzia:  

  

     A: Bihar (2014/03/26), nire urteak dira. Gonbidatuko zaitut bazkaltzen ospatzeko. Konforme?
B: Ederto. Zer moduz datorren astean? (2014/03/31tik 2014/04/06ra)
A: Ez, ezin dut. Beteta daukat datorren astea. Eta hurrengo astean? (2014/04/07tik 2014/03/13ra) Ondo datorkizu?
B: Bai. Libre nago hurrengo astean.