Galdera

 

'-etsi' amaiera duten adizkien zerrenda 

 

Data: 2014/03/27



Erantzuna

 

 

Erantzuna: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak 42 aditz hauek jasotzen ditu:

 

·        Ahuletsi = ahuldu

·        Alferretsi = alfertzat, ez-ezertarakotzat hartu edo eduki

·        Apaletsi = gutxietsi, arbuiatu

·        Asketsi = barkatu (bereziki, aitor-entzuleak aitortzaileari bere bekatuak barkatu zaizkiola adierazi); epaileak auzipetuari errugabe dela adierazi

·        Askietsi = aski dela iritzi; berdindu, bete, kitatu

·        Baietsi = baiezkoa eman, onartu

·        Balioetsi = baliokotzat jo

·        Bazterretsi = baztertu, bazterreratu

·        Begietsi = arretaz edo patxadaz begiratu

·        Berantetsi = berandu dela uste izan; zain egoteaz aspertu edo kezkatu

·        Berretsi = aurretik esan edo erabaki denaren balioa baieztatu

·        Ederretsi = onartu, ontzat hartu; eder iritzi, zaletu

·        Egokietsi = egokitzat jo edo hartu

·        Erdietsi = lortu, iritsi

·        Esetsi = eraso; ihesi doanari, atzemateko edo harrapatzeko jarraitu

·        Ezetsi = arbuiatu, ezertan ez hartu, gaitzetsi

·        Gaitzetsi = txartzat edo zigorgarritzat hartu; arbuiatu, gutxietsi; gorrotatu

·        Galetsi = galdutzat eduki edo eman; hondatu, alferrik galdu

·        Goretsi = goraipatu

·        Gupidetsi = neurriz edo zuhurkeriaz erabili; gupida izan

·        Gutxietsi = gutxitzat hartu edo eduki, mespretxatu

·        Handietsi = goraipatu

·        Hautetsi = hautatu

·        Hiletsi = gaixoez mintzatuz, etsipena eman

·        Hobetsi = hobetzat hartu edo eduki

·        Ihardetsi = erantzun

·        Jadetsi = erdietsi, lortu

·        Jainkoetsi = jainkotzat hartu, jainkotzat gurtu

·        Jauretsi = gurtu, adoratu

·        Lehenetsi = multzo baten elementu bat lehenengotzat jo, lehentasuna eman

·        Luzetsi = luzea edo luzeegia iruditu

·        Miretsi = mirespena sentitu, mirespenez behatu edo begietsi; mirespena eragin; mirespenak joa geratu

·        Onetsi = maitatu; ontzat eman edo hartu

·        Opetsi = opa izan, opatu, eskaini

·        Sainduetsi = santutu

·        Salbuetsi = zerbait edo norbait, aipatzen den lege arau edo multzotik at utzi edo uzten dela adierazi

·        Sendetsi = aurretik esan edo erabaki denaren balioa baieztatu, berretsi

·        Sinetsi = frogatua edo egiaztatua ez den zerbait egiazkotzat hartu; zerbaitetan edo norbaitengan sinesmena izan edo fedea izan, zerbaiti sineste eman; norbaitek esaten duena egiatzat hartu; obeditu

·        Txarretsi = txartzar jo, gaitzetsi

·        Utzietsi = bertan behera utzi, bazterrera utzi

·        Zenbatetsi = ebaluatu, zerbaiten balioa kalkulatu, zerbaiten pisua, kopurua, balioa… haztatu

·        Zuzenetsi = zuzentzat jo edo hartu, onetsi

 

 

1/ Ikusi dezakezunez, aditz hauek guztiak aditz elkartuak dira, [X + etsi] egiturakoak.


  •  
    • Gehienetan, lehen osagaia adjektiboa da, eta “X-tzat jo edo hartu” izaten da esanahia:

on + etsi

hobe + etsi

gutxi + etsi

zuzen + etsi

 

  •  
    • Beste askotan, izena da lehen osagaia:

jainko + etsi

begi + etsi

bazter + etsi

erdi + etsi

 

  •  
    • Zenbaitetan, berriz, ez dago argi zein izan litekeen lehen osagaia (ihardetsi, jadetsi…), baina etimologistak bat datoz horietan ere [X + etsi] egitura dagoela funtsean:

jardun (ihardun)  ¬ ? + *edun

iharduki  ¬ ? + eduki

ihardetsi ¬ ? + etsi

 

 2/ Aurreko guztiekin batera, iritzi aditzarekin sortutako hainbat aditz elkartu ere badira euskaraz. Bost hauek jasotzen ditu sarrera lexikaltzat Hiztegi Batuak:


·        Aski iritzi = askietsi

·        Eder iritzi = ederretsi

·        Gaitz iritzi = gaitzetsi

·        Luze iritzi = luzetsi

·        On iritzi = onetsi

 

3/ Zer prozedura erabili dugu zerrenda osatzeko?

Lehenengo eta behin, Hiztegi Batua jaitsi dugu, pdf formatuan, oso-osorik. Gero, bilatzailearen leihotxoan (sarean bertan edo –behin gordeta– dokumentua zabaltzeko erabiltzen duzun programaren bilatzailean) “etsi” idatzita, banan-banan joan gara biltzen markatutako aditz guztiak. Modu berean jokatu dugu iritzidun aditz elkartuen zerrenda osatzeko.

 

Definizioak, gehienbat, Euskaltzaindiaren Hiztegitik hartu ditugu. Hainbat eta hainbat, baina, ez dira hiztegi horretan ageri; horiek definitzeko, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegira jo dugu. Ez batean eta ez bestean aurkitu ez ditugunetarako –pare bat izan dira–, guk geuk erredaktatu dugu nolabaiteko definizioa.