Galdera

 

“Gure eskoletan, aholkatzen dugu aditzaren ezkerrean idazteko esaldi bateko galdegaia”: onargarria da osagaien ordenari dagokionez?

 

Data: 2014/05/22



Erantzuna

 

 

Gure ustez, guztiz onargarria eta egokia da, bai.

 

 

1/ Esaldia gure galde-erantzunen datu-basetik aterata dago; galdegaiaren gaineko kontsulta baten kontura idatzi genuen erantzunetik, hain zuzen ere.

 

 

2/ Kontraesanetan gabiltza?: Esaldi horretan, adierazten dugu zer predikatzen dugun, eta badirudi guk geuk ez dugula betetzen aholkatzen duguna. Kontua da oso ohar garrantzitsua gaineratu genuela baieztapenaren ondoan:

Oharra: Galdegaia perpaus osagarria denean, edo testuinguru markatu batzuetan (definizioetan, adibidez), galdegaia aditzaren eskuinean emateko joera dugu:

Adibidez:Aitak kontatu dit Dolomitetara joan zela iaz Maddi”

 

Oharreko adibideak eta zuk aipagai ekarri duzunak egitura bera dute: bietan, perpaus osagarria da galdegaia, eta, ohartarazi bezala, joera argia dugu horrelakoak aditzaren eskuinean emateko:

 

Aditza

Galdegaia

kontatu dit

Dolomitetara joan zela iaz Maddi

aholkatzen dugu

aditzaren ezkerrean idazteko esaldi bateko galdegaia

 

Beraz, galdegai arruntekin aplikatzeko aholkua baino ez da galdegaia aditzaren aurrean jartzekoa.


Bidenabar esanda, perpaus osagarriek berek ere izaten dute galdegaia, eta berdin jokatzen dugu horietan ere, konturatuko zarenez: esate baterako, aditzen aurrean idatzi ditugu, taulako adibideotan, Dolomitetara eta aditzaren ezkerrean galdegaiak.



3/ Beraz, idaztean behinik behin, desberdin jokatu genezake elementuen ordenarekin, galdegaia sintagma arrunta ala perpaus osagarria den. Hartu ditzagun irakurri eta ikusi aditzak (azpimarratu egin ditugu galdegaiak):

 

Galdegaia

(Idatzirako) gure ohiko hurrenkera

Adibideak

Sintagma arrunta

Galdegaia + aditza

Hiru liburu zoragarri irakurri ditut aste honetan.

Hainbat motatako hegaztiak ikusten dira Bilboko ibaian: ubarroiak, kaioak, lertxunak…

Perpaus osagarria

Aditza + galdegaia

Gaurko Berrian, irakurri dut greban daudela La Navaleko langileak

Ikusi dut nola jokatzen duzuen ni bertan ez nagoenean

 

 

 

4/ “Aitak kontatu dit Dolomitetara joan zela iaz Maddi” esaldian, hiru osagai nagusi daude:

Subjektua

Aditza

Perpaus osagarria (galdegaia)

Aitak

kontatu dit

Dolomitetara joan zela iaz Maddi

 

Osagai horiekin, beste hurrenkera batzuk ere erabili daitezke noski (guztira, sei dira, eta haietatik beste bi ekarriko dizkizugu hona):

 

(1)

aitak kontatu dit Dolomitetara joan zela iaz Maddi

(subjektua + aditza + perpaus osagarria)

(2)

Maddi iaz Dolomitetara joan zela kontatu dit aitak

(perpaus osagarria + aditza + subjektua)

(3)

aitak Maddi iaz Dolomitetara joan zela kontatu dit

(subjektua + perpaus osagarria + aditza)

 

(1) Euskara mintzatutik gertuen dagoen hurrenkera: horrexegatik jotzen dugu onargarri eta egokitzat.

(2) Euskara idatzirako [galdegaia + aditza] aholkua errespetatzen duen hurrenkera, eta subjektua aditzetik urrunegi ez jartzeko aholkua ere errespetatzen duena: onargarria eta egokia. [perpaus osagarria + aditza + subjektua] hurrenkera hau nagusitzen ari da euskarazko prentsan (Berrian eta Argian, esaterako).

(3) Desegokitzat jotzen dugu. Nahiz eta [galdegaia + aditza] aholkua errespetatzen duen, ez da naturala gertatzen subjektuaren kokaguneagatik. Harrigarria bada ere, [subjektua + perpaus osagarria + aditza] hurrenkera hau hartu da, urteetan eta urteetan, jator-jatortzat, euskarazko esaldietan aditza amaieran jarri behar delako mitoan oinarrituta.


5/ Beste adibide bat, gaurko (2014/05/22) Berrian aurkitu duguna:

Jaurlaritzak EBko isunaren ehuneko 70 ordaintzea espero du Gipuzkoak [Gipuzkoako Foru Aldundiak].


Euskara mintzatuan, berriz, joera nagusia hau izaten da:


Gipuzkoak espero du Jaurlaritzak EBko isunaren ehuneko 70 ordaintzea.

Gipuzkoak espero du EBko isunaren ehuneko70 ordaintzea Jaurlaritzak.

 

Desegokitzat jotzen dugun hurrenkeraren araberakoa, berriz:


Gipuzkoak Jaurlaritzak EBko isunaren ehuneko 70 ordaintzea espero du.

 

Saiatu zaitez azken hori ozenki irakurtzen, eta konturatuko zara zerbaitek huts egiten duela; besteak beste, NORK kasuan dauden bi elementu horiek segidan egoteak.

 

6/ Amaitzeko: [subjektua + perpaus osagarria + aditza] hurrenkera, batzuetan, anbiguetate iturri ere izan liteke:

Marianok bere buruaz beste egin duela jakinarazi du.


·         Marianok egin du bere buruaz beste?:


Marianok bere buruaz beste egin duela jakinarazi du (emazteak) =

(emazteak) jakinarazi du Marianok bere buruaz beste egin duela


·         Marianok esan du beste norbaitek egin duela bere buruaz beste?:


(beste norbaitek) bere buruaz beste egin duela jakinarazi du Marianok =

Marianok jakinarazi du (beste norbaitek) bere buruaz beste egin duela


·         Bere buruaz beste egin eta gainera horren berri eman du Marianok beste mundutik? Ez gara sinestunak.