Galdera

 

-ko/-ren: “TelefonoKO datuak kudeatu” edo “TelefonoAREN datuak kudeatu”?

 

Data: 2014/06/11



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak; baina, zer esan nahi duzun, bata edo bestea erabili beharko zenuke. Ez dakigu zer datu kudeatzen diren, eta, beraz, ezin dizugu bi aukeretako bat aholkatu (dena dela, telefonoKO datuak hobetsiko genuke besterik jakin ezean).

 

1/ Askotan, bi izenlagun motak dira zilegi; baina oso zaila da arau zehatza ematea. Antzeko kontsulta bat egin ziguten aurreko batean, eta aholkatzen dizugu erantzuna  irakurtzea.  Zeharka ere jorratu genuen gai hau beste kontsulta batean, eta hori ere interesgarria izan dakizuke.

 

2/ Labur esanda, honela glosatu litezke bi erabilerok:

·         -ko atzizkia:

Telefonoko datuak = Telefonoan dauden datuak (besteen telefonoak eta helbide elektronikoak, Internetetik jaitsitako dokumentuak, egindako argazkiak, bideoak eta audioak…)

·         -ren atzizkia:

Telefonoaren datuak = Telefonoak dituen datuak

(bereziki, Telefonoaren datuak = Telefonoaren ezaugarriak adierazten dituzten datuak: zenbakia, modeloa, SIM txartelaren zenbakia, sarea…)

 

3/ Bada beste aukera bat, kasu honetan baliatu dezakezuna: hitz elkarketa.

Hala, ingelesezko “telephone data management” honela euskaratu dezakezu:

telefono-datuak kudeatzea; hain zuzen ere, ingelesezkoa bezalako baliabidea erabilita, telephone data bera ere hitz elkarketa baita.

Askotan, kontrako bidea aholkatzen dugu; hau da, hitz elkarketari uko egitea, eta izenlagunak lehenestea. Esaterako, “Irakasle-gela edo irakasleen gela?” izenburuko kontsultan, halaxe jokatu genuen:

 

«Jakina, oso emankorra da hitz elkarketa euskaraz, baina, batzuetan, badirudi ahaztu egiten zaigula izenlagunen bidea ere erabili dezakegula. Hitz elkartu baten aurrean, asmatu egin behar dugu zein den bi osagaien arteko harreman sintaktikoa. Esaterako, zer da emakume literatura: emakumeek berek egindako literatura ala gizonek zein emakumeek emakumeentzat propio egindakoa?»

 

Dena dela, eskura dugun baliabidea da hitz elkartuena, sortu ditzakeen anbiguotasunak gorabehera, ingelesez bezainbeste ez (telephone data management bera duzu erakusgarri; euskaraz ez bezala, ingelesez guztiz arruntak dira baita berrelkarketak ere) baina gaztelaniaz edo frantsesez baino askoz ere emankorragoa. Bidenabar esanda, anbiguotasunok erdara guztietan ere gertatzen dira hainbat adjektibo erreferentzialekin (zer da literatura femenina?), eta, zer esanik ez, hitz elkartu askorekin (horrexegatik ez dakigu zehazki zer diren telephone data horiek).