Galdera

 

'-ko' ala '-ren': 'Bilboren auzoa' ala 'Bilboko auzoa'?

 

Data: 2014/09/11



Erantzuna

 

Seguruenik, biak dira zuzenak, baino askoz erabiliagoa da Bilboko auzoa.


 1/ Erantzunaren lehen zatia arrazoitzeko, jo ezazu kontsulta zerbitzuaren erantzunen datu-basean aurkituko duzun dokumentu honetara: '-ko'/'-ren' atzizkiak: 'Doctor Deseoko gitarrista' ala 'Doctor Deseoren gitarrista'? Gure ustez, parekoak dira –neurri batean, behinik behin– bi kontsultak.


2/ Erantzun laburrean adierazi dizugun bezala, askoz erabiliagoa da, dena dela, Bilboko auzoa forma: seguruenik, hiztun gehienoi ‘Nongo auzoa?’ galdera inplizitua datorkigu burura, eta ez ‘Zeren auzoa?’.


Esperimentu bat egin dugu Interneten. Google-n Euskal Herriko bost hiriburu nagusiak sartu, eta X(r)en auzo formak zenbat aldiz ageri diren erregistratu dugu:


Forma

Bilboren auzo

Donostiaren auzo

Gasteizen auzo

Iruñearen auzo

Baionaren auzo

Zenbat agerpen

1

8

0

0

0

 

 

             X(e)ko auzo forma, berriz, ezin konta ahala adibidetan topatuko duzu Interneten, literaturan edo beste edozein iturritan. Haietako bat eskainiko dizugu: Berriaren estilo liburuan auzo berba sartu, eta Iruñeko auzoa, Getxoko auzoa, Donostiako auzoa, Gasteizko auzoa, Ziburuko auzoa formak baino ez daudela konprobatuko duzu; ez dago X(r)en auzo formaren adibiderik.


3/ Orain arte esandako guztia, auzo = auzotegi adierari dagokiona.

Baina auzo bada izenlagun moduko bat ere, “norbaitentzat, inguruko etxeren batean bizi den pertsonari” esaten zaiona; edo, adiera zabal batean, eta lekuei dagokienez, “mugakide den lurraldea” edo horren pareko zerbait. Berria egunkaritik ateratako adibide hauetan ikusiko duzu nola erabiltzen den:

1.      “Georgia da Errusiaren hegoaldeko lurralde bat, Turkiaren auzo

2.      “Iraken auzo hurbilenak diren Iran, Jordania, Siria, Kuwait Saudi Arabia eta Turkiako diplomazia arduradunak bildu ziren atzo Bagdadeko gobernuko Atzerri ministro Hoshiar Zebarirekin”

3.      “Neurria ez da originala, Frantziaren auzoetako batzuek jada erabiltzen baitute; Belgikak, Alemaniak eta Italiak, esaterako”

Adiera horretan, beraz, X(r)en auzo forma erabili behar da derrigor.

Beraz, honelako zerbait esan dezakegu, bi esanahiak nahastuta:

“Zamudio Bilboren auzo (udalerri mugakidea) da gaur egun, baina 1960ko hamarkadaren amaieratik eta 1981ean independentzia berreskuratu zuen arte, Bilboko auzoa (auzotegia, ez udalerria) izan zen, Txorierriko gainerako udalerri guztiak bezala”