Galdera

 

'Ibaiaren zatiak' ala 'ibaiaren atalak'?

 

Data: 2014/09/17



Erantzuna

 

Gure ustez, ibaiaren zatiak da forma egokiena. Baina ez genuke desegokitzat joko ibaiaren atalak.

 

1/ Gure ustez, ez duzu kezkatu behar auzi txiki horrekin. Beste kontu bat izango litzateke zalantza termino bati balegokio. Esaterako, musika tresna batzuk izendatzeko ez bazeneki soka-tresnak, korda-tresnak edo hari-tresnak hiru forma horietatik zein erabili. Kasu horretan, denok esan beharko genuke hari-tresnak (edo hari-instrumentuak), eta soka-tresnak eta korda-tresnak baztertu.

 

Zure zalantza, berriz, ez dagokio termino bati.

 

Badakigu zenbait ikasmaterialetan ibaiaren atalak erabiltzen dutela, baina ibaiaren zatiak hobesten dute liburu eta bestelako idazki gehienetan, Interneten presazko kata bat eginda ondorioztatu dugun bezala. Horra zergatik gomendatu dizugun zatiak erabiltzea.

 

2/ Printzipioz, esan genezake sinonimoak direla zati eta atal. Dena dela, argi dago atal guztiak direla zati, baina ez zati guztiak atal; hau da, atal hitz espezializatuagoa-edo dela, zenbait hitz jakini bakarrik aplikatu dakiekeena: baratxuri atalak, laranja atalak, gorputz atalak, ekuazio baten bi atalak, liburu baten atalak… Bada, apur bat arraroa egingo litzaiguke ibai hitzari aplikatzea…

 

3/ Amaitzeko, oparitxo bat. Errepublika garaian (bai eta lehenago ere), zenbait testuliburu idatzi ziren euskaraz, euskal eskoletan erabiltzeko. Haietako bat da Lutelestia (geografia esan nahi du: garbizaletasuna zen joera nagusia hegoaldeko Euskal Herrian), Fermin Iturriotzek (Pirmin Ituriotz) idatzia. Bada, Lutelestia liburu horretako bi orrialde txertatuko dizkizugu erantzun honetan, ibaiaren zatiak aipatzen baitu: