Galdera

 

'Hiru euroko jertsea' ala 'hiru eurotako jertsea'?

 

Data: 2014/02/07



Erantzuna

 

“Hiru euroko jertsea” da forma zuzena.

 

 1/ Kontu honen gainean, Euskaltzaindiak bere 34. araua (“Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia”) argitaratu zuen 1995ean: bertan daukazu interesatzen zaizun informazioa. Dena dela, saiatuko gara lerro hauetan laburbiltzen:

 

“-tako” amaiera zuzena litzateke NONGO (edo NOIZKO) kasua balego dagokion sintagman:

Josek eta Anak hiru lurraldetako haurrak adoptatu dituzte azken urteotan

Ezin ditut ahaztu hiru egun seinalatutako gertakizunak: 1931ko apirilaren 14koa, 1975ko azaroaren 20koa eta 2000ko irailaren 11koa

 

Zure adibidea, ordea, ez da “NONGO (edo NOIZKO) jertsea?” galderari legokiokeen erantzuna: lotura soila da “hiru euro”ren eta “jertsea”ren artean ezarri beharrekoa, eta, beraz, ez dago singularrik, ez pluralik, ez mugagaberik hor. Horrelakoetan, euskaldun guztiok -ko lotura erabili izan dugu, dena delakoagatik bestelako kontsigna zabaltzen hasi zen arte:

·        Lau hankako mahaia

·        Hirurehun kiloko harria

·        Hiru urteko umea

·        Zortzi metroko luzera

·        Egun gutxiko txahala

 

Beraz, zalantzarik gabe, “hiru euroko jertsea” da forma zuzen bakarra.

 

 

2/ Beste kontu bat da noiz erabili “hiru euroko X” eta noiz “hiru euroren X”.

 

Adibide batekin saiatuko gara aldea zein den erakusten:

 

·        “Hiru euroko kafea erosi dut” = Kilo bat kafek hiru euro balio du, eta mota horretako kafea erosi dut, auskalo zenbat.

·        “Hiru euroren kafea erosi dut” = (Auskalo zenbat balio duen kilo bat kafek) Hiru euro gastatu dut guztira kafea erosten.