Galdera

 

Esaldi anbiguo baten gainean: nola konpondu?


Data: 2014/09/30



Erantzuna

 


“[…] Baimendu egin dezake hirugarrenez matrikulatzea, oinarrizko mailarako muga lau urtekoa delarik; bitarteko maila eta maila aurreratua egiteko, seikoa guztira; eta hirukoa, gaitasun mailarako”.

 

1/ Kontsulta hau egin diguzu:

Agindu batean, hau jartzen du erdaraz:

“[…] Podrá autorizar su matriculación una tercera vez, con el límite de cuatro años para el nivel Básico, seis años para el conjunto de los niveles Intermedio y Avanzado y tres años para el nivel de Aptitud”.

Eta honela dago euskaratuta:

“[…] Baimendu egin dezake hirugarrenez matrikulatzea, oinarrizko mailarako muga lau urtekoa delarik; seikoa, bitarteko mailetarako eta maila aurreratuetarako; eta hirukoa, gaitasun mailarako”.

Erdaraz, garbi ikusten da sei urte direla tarteko maila “gehi” maila aurreratua egiteko; euskaraz, berriz, iruditzen zait sei urte tarteko mailarako eta beste sei maila aurreraturako ulertu daitekeela. Oker al nago? Ba al dago zehatzago adierazteko modurik? “Biak” hasieran jarrita, esaterako?

 

2/ Gure ustez, Hezkuntzako errealitatea nolakoa den ez dakienari, zuk diozun moduan, nahasgarria gertatu dakioke esaldia; zalantza izango du: sei urte guztira bi mailak egiteko, edo seina urte bi mailetarako? Beraz, horretaz ohartuta, komeni da noski beste modu batean ematea mezua, anbiguotasuna apurtzeko. Eta, gure ustez, erantzun laburrean letra lodiz eta hondo berdez nabarmendu dizuguna da bide egoki bat.

 

3/ Beste alde batetik, iruditzen zaigu beste atal batean ere ez dagoela agindua ondo euskaratuta: erdarazkoa irakurrita, Bitarteko Maila bat eta Maila Aurreratu bat baino ez daudela; euskarazko bertsioak, berriz, dio Bitarteko Maila batzuk eta Maila Aurreratu batzuk daudela, eta hori ez da zuzena. Kontuz, beraz!