Galdera

 

Gozatu aditza: gozatu dut ala gozatu naiz?

 

Data: 2014/09/30



Erantzuna

 

 


Biak dira zuzenak.

 

 

1/ Aditz bakoitza zer sailetakoa den, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak diosku (etiketa hauek erabiltzen ditu: da → NOR sailekoa; zait → NOR-NORI sailekoa; du → NOR-NORK sailekoa; eta dio → NOR-NORI-NORK sailekoa). Bada, kontsultatu dezagun Hiztegi Batuan (gogoratu arau estatusa duela bertako guztiak):

gozatu, goza, gozatzen. da/du ad.

 

Zoritxarrez, ez du eskaintzen adibiderik, beste batzuetan bezala, erakusteko noiz nola erabili behar dugun.

 

2/ Beraz, jo dezagun Euskaltzaindiaren Hiztegira, 2012az geroztik eskueran daukagun hiztegi ofizialera. Ofiziala, eta benetako hiztegia: benetakoa dela diogu, hitz bakoitzaren esanahia zein den zehazten baitu. Zoritxarrez, ez dago (2014/09/23) oraindik Interneten eskegita, eta, beraz, gozatu sarreraren pean ageri dena aldatuko dizugu hona:

gozatu, goza, gozatzen

1 da/du ad. Zerbaitek eskaintzen duen atseginaz edo onuraz jabetu. Nahi dugu egiazko argiaz gozatu. Munduko atsegin guztiez gozatzen ziren. Maitasun horren berotasunaz luzaz dezatela goza. Haren emazteaz gozatzeagatik. Bere zorion berria eragozpenik gabe gozatu ahal izateko ¿ Horiek ikusi eta txit gozatu zen. Goza gaitezen lurreko atseginetan.

2 da/du ad. Gozoago, eztiago bihurtu, gozotasuna hartu eta eman. Ura azukrez gozatu.

3 da/du ad. Eztitu, ematu, leundu. Haserrea gozatzeko. Jauna, goza itzazu ene atsekabeak. Jende asaldatu hura gozatzeko eta baketzeko. Loak gozatu du nire buruko mina.

4 du ad. Janariez mintzatuz, zapore atseginagoa izateko behar dituzten gozagarriak gehitu. (Ik. ondu)

5 du ad. Lurrez mintzatuz, ongarritu; harrotu edo xehatu.

6 du ad. Burdinaz edo burdinazko lanabes edo armez mintzatuz, beharrezko gozotasuna edo malgutasuna eman. Ezpata gozatu.

7 du ad. Musika tresnez mintzatuz, tonu egokian jarri. Gozatu zuen bere gitarra.

 

Ikusten duzunez, gozatu aditzaren lehen adierarako –zabalduenerako–, bi aukerak onartzen ditu Euskaltzaindiak egitura berdinetan erabiltzeko: