Galdera

 

'Irakasle Iñaki': zuzena da? 

 

Data: 2014/10/01



Erantzuna

 


Zuzena izan liteke, euskarazko gramatikak ez du-eta eragozten horrelakoak eraikitzea. Baina irakasle ez da oso ohikoa –oraindik– txerazko deitzaile edo adeitasunezko deitura modura.


1/ Letra larriak EIMAren liburukian esaten den bezala (32. or.), «Pertsonak izendatzeko, batzuetan, pertsonaren izen bereziarekin batera, beste izen generiko batzuk erabiltzen dira aposizioan. Izen horiek definitu egiten dituzte pertsonak:

·         pertsonen titulua edo duintasuna (erregina, kondea, lehendakaria, dohatsua, aita santua...)

·         lanbidea edo kargua (irakaslea, pilotaria, ministroa, zuzendaria, idazlea, marinela...)

·         ahaidetza (izeba, osaba, arreba, ahizpa, anaia, amona, emazte...)

·         nortasunaren alderdiren bat zehazten dute, edo, besterik gabe, adeitasunezko deiturak (andre, jaun, maisu...) izaten dira.

Aposizioan ematekoak diren izen generiko horietariko batzuk izen bereziaren aurrean idaztekoak dira, eta beste batzuk ondoan.»



2/ Gehienetan, [pertsona izena + izen arrunta] hurrenkera erabiltzen da: Frantzisko aita santua, Agirre lehendakaria, Goñi II.a pilotaria, Jose zuzendaria, Lertxundi bertsolaria, Zabaleta anaiak, Zubillaga adiskidea

 

Baina [izen arrunta + pertsona izena] kontrako hurrenkera ere posible da euskaraz, batez ere ahaidetasuna adierazten duten izen arruntekin, baina baita bestelako izen batzuekin (errege, sekretario, maisu, jaun, andre, adiskide…) ere.


Horrelakoetan, bi aukerak dira zuzenak:

  • a) Iñaki Orbegozo irakasleak hitzaldi bat emango du bihar paraninfoan.
  • b) Irakasle Iñaki Orbegozok hitzaldi bat emango du bihar paraninfoan.
  • c) Iñaki Orbegozo Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak hitzaldi bat emango du bihar paraninfoan.
  • d) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Iñaki Orbegozok hitzaldi bat emango du bihar paraninfoan.



3/ [Izen arrunta + pertsona izena] egiturako guztiak deitzailetzat ere hartu daitezke, deitzeko balio duten elementutzat:

izeko Ana Mari, tio Luziano, amama Klara, anaia Salbatore, lehengusu Isabel, iloba Anartz, andre Zuriñe, jaun Bertrand, maisu Juan, andereño Lorea, adiskide Boni, nagusi Abderraman, lehendakari Agirre, errege Karlos