Galdera

 

Nola idatzi behar dira dantzen izenak, larriz ala xehez: Txulalai-dantza ala txulalai-dantza?

 

Data: 2014/10/18



Erantzuna

 

Xehez idatzi behar dituzu, lehen osagaia izen berezia denean salbu.



1/ Berriaren estilo liburuan ‘dantza’ kontsultatu, eta hau ageriko zaizu:

dantzak. Almute dantza, arku dantza, aurreskua, azeri dantza, Bizkai-dantza, brokel dantza, edate dantza, esku dantza, ezpata dantza, gizon dantza, godalet dantza, irri dantza, jorrai dantza, karrika dantza, kaxarranka, kontradantza, larrain dantza, madari dantza, makil dantza, mutil dantza, mutxikoak, pordondantza, sokadantza, sorgin dantza, txino dantza, zahagi dantza, zinta dantza.

Ikusiko duzunez, guztiak letra xehez idaztea proposatzen du (salbuespena, logikoa denez, Bizkai-dantza da, baina toponimoa duelako lehen osagaian), baita dantza elementua ez duten izenak ere: aurreskua, kaxarranka, mutxikoak


2/ Almute dantza, arku dantza, azeri dantza, Bizkai-dantza, brokel dantza, edate dantza, esku dantza, ezpata dantza, gizon dantza, godalet dantza, irri dantza, jorrai dantza, karrika dantza, larrain dantza, madari dantza, makil dantza, mutil dantza, sokadantza, sorgin dantza, txino dantza, zahagi dantza, zinta dantza… Horiek guztiak hitz elkartu normalak dira, eta haietatik sokadantza baino ez da idazten dena batera, hala agintzen du-eta Hiztegi Batuak. Euskaltzaindiaren 25. arauak II.4. atalean dioenez, gainera, marrarekin edo bereiz, bietara idatzi daitezke.

Beste kontu bat izango litzateke bi elementuak aposizioan baleude: horietan, elementuetako bat izen berezia da, eta orduan bereiz eta larriz idatzi behar da, arauaren II.1. a) azpiatalak ezartzen duen bezala:

Hitz elkartu arrunta

argi efektua

argi-efektua

berotegi efektua

berotegi-efektua

hesi efektua

hesi-efektua

ingurumen efektu

ingurumen-efektu

Aposizioa

Doppler efektua

Stroop efektua

Umkher efektua

Volta efektua

 

Beraz, txulalai lelo bat bezalakoa baino ez denez –formula baten izena–, hitz elkartu arrunten sailean sartu behar da txulalai(-)dantza, gure ustez.