Galdera

 

'Persona con diversidad funcional intelectual': 'adimenezko aniztasun funtziolana duen pertsona'?

"Oharra: desgaitasun edo ezgaitasun ordez, aniztasun funtzionala erabiltzea proposatzen da gaur egun."

Data: 2014/10/23



Erantzuna


Persona con diversidad funcional intelectual =

bestelako adimen-gaitasuna duen pertsona

adimen-dibertsitate funtzionala duen pertsona

adimen-bestelakotasun funtzionala duen pertsona

adimen-desberdintasun funtzionala duen pertsona

 

1/ Eufemismoak eta disfemismoak


Baliteke desgaitasun (edo ezgaitasun) zenbait pertsonaren ezaugarri bat izendatzeko forma gaitzeslea izatea (disfemismoa), eta eufemismo bat bilatu behar izatea haren ordez, beraz («Gauzak adierazteko berezko hitzen ordez adierazpide leunagoak hautatzea da perifrasi eufemistikoa, ustez haiek gordinegiak direlakoan», Literatura Terminoen Hiztegiaren arabera).  Dena dela, susmoa dugu ezgaitasun bera eufemismo gisa sortutako terminoa izan zela; baina, ez- (des-) aurrizkia duelarik, disfemismo bihurtuta antzematen diozuela  gaur egun.

 
Ez da gure egitekoa, baina, beste eufemismo bat sortzeko premiarik ote dagoen ebaluatzea; besterik gabe onartuko dugu, eta zeuk aipatutako aniztasun funtzional forma noraino den egokia aztertuko.


2/ Lehen arazoa: non erabiltzen da diversidad funcional terminoa?

Eufemismo hori nahiko berria da, eta erabilera-eremu oso mugatukoa: Javier Romañach-ek eta Manuel Lobatok “Functional diversity, a new term in the struggle for dignity in the diversity of the human being” artikuluan proposatu zuten, 2005ean.


Guk dakigula, Espainian bakarrik erabiltzen da, Interneten diversité fonctionnelle (fr.) eta functional diversity (ing.) kontsultatuta ondorioztatu dugun bezala: hizkuntza guztietan (baita espainieraz ere), Biologia arloko terminoa da (‘landareen aniztasun funtzionala’, ‘animalia polinizatzaileen aniztasun funtzionala’…).


Beraz, kontuan harturik proposamen horrek ez duela oihartzun handirik jaso mundu zabalean, uste dugu ez duzuela zertan kalkatu ezinbestean, eta badaudela beste aukera egokiago batzuk.


Hala, ez- (des-) aurrizkiari muzin egin, eta zuzenean eraiki dezakezue beste eufemismo bat: pertsona horiek badute gaitasun funtzionala (ezintasuna / ezgaitasuna dute), baina desberdina, bestelakoa. Bide horretatik proposatu dizugu erantzun laburrean “bestelako adimen-gaitasuna (duen pertsona)”.

3/ Bigarren arazoa: zer esan nahi du diversidad hitzak gaztelaniaz?


Espainiako Errege Akademiaren hiztegira jo, eta ikusi dugu bi adiera hauek dituela:

diversidad
(Del lat. diversitas, -atis).
1. f. Variedad, desemejanza, diferencia. (= desberdintasuna, bestelakotasuna)
2. f. Abundancia, gran cantidad de varias cosas distintas. (= aniztasuna)


Guk argi daukagu lehenengo adieran erabiltzen duzuela diversidad (funcional) terminoa, diversidad funcional intelectual-eko pertsonek ez dute-eta adimen-gaitasun handia eta askotarikoa; eta, beraz, kalko okertzat jotzen dugu aniztasun baliatuta euskaratzea. 


Beraz, diversidad funcional kalkatzeko premia sentitzen baduzue, beste bi aukera hauek dituzue (erantzun laburreko bigarren atalean adierazi dugun bezala) gure ustez:
·    mailegu gordina hartzea: dibertsitate
·    euskal ondareko ordain logikoa erabiltzea: desberdintasun, bestelakotasun

4/ Arazo potolo horien aldean, gainerakoak ez du garrantzi handirik. Intelectual, visual, auditiva… eta beste, gure ustez, ondo euskaratu dituzue (adimenezko, ikusmenezko..); guk, ordea, nahiago izan dugu hitz elkarketa baliatzea (adimen-gaitasuna, adimen-dibertsitatea…):


·    Persona con diversidad funcional visual = bestelako ikusmen-gaitasuna duen pertsona
                                                              ikusmen-dibertsitate funtzionala duen pertsona
                                                              ikusmen-bestelakotasun funtzionala duen pertsona
                                                              ikusmen-desberdintasun funtzionala duen pertsona
·    Persona con diversidad funcional auditiva = bestelako entzumen-gaitasuna duen pertsona
·    Persona con diversidad funcional motora = bestelako mugimen-gaitasuna duen pertsona
·    Persona con diversidad funcional física = bestelako gaitasun fisikoa duen pertsona

Besteetarako, zalantza handiagoak ditugu, baina saiatuko gara gure ustez ordain egokiak izan litezkeenak eskaintzen:

      ·    Persona con gran diversidad funcional = guztiz bestelako gaitasunak dituen pertsona (??)
                                                                  dibertsitate funtzional handiko pertsona
      ·    Diferencias funcionales de la persona = pertsonaren dibertsitate / desberdintasun /     bestelakotasun funtzionalak