Galdera

 

'Bat, ehunen; ehun, ez baten' esaera zaharra: zer esan nahi du? 

 

Data: 2014/10/20



Erantzuna

 

Batek, ehunek bezainbeste balio du; ehunek, berriz, ez batek bezainbeste

 

 

1/ Arnaut Oihenart poeta, legelari, historialari eta politikari mauletarrak jaso zuen “Bat ehunen, ehun es baten” (orduko grafia eta puntuazioa erabilita) esaera zaharra bere Atsotizac edo Refrauac (Proverbes, ou Adages Basques) bilduman, bai eta haren esanahia eskaini ere: “Un en vaut cent, & cent n´en vallent pas un” (hori saiatu gara euskaratzen erantzun laburrean).

 

 

2/ Esaera zaharrek oso informazio garrantzitsua eskaintzen digute hizkuntzaren iraganari buruz: antzina sortuak izaten dira, eta garai haietako hizkera gordetzen dute, askotan ulertezina gaurko hiztunentzat. Esaterako, Refranes y Sentencias atsotitzen bilduma ezaguna 1596an argitaratu zen, baina bertako euskara (bizkaiera) lehenagokoa da. Adibide bat ekartzearren: “Escurean haora oquelea galdu doa (Eskurean ahora okela galdu doa) = eskutik ahora okela galtzen da”.

Hala, garai batean NOREN kasuaren balioetako bat NORENTZAT kasuaren parekoa zen. Hori jakinda, errazago egingo zaizu gure esaera hau behar den moduan interpretatzea: “Bat, (aski da) ehunentzat; ehun, ez (dira aski) batentzat”.

Oihenarten beste atsotitz batean are hobeto ikusten da NORENTZAT esanahi hori: Oilarbat aski da oilo hamarbaten, hamar guison es emaste baten = Oilar bat aski da hamar oilorentzat; hamar gizon ez (dira aski) emazte (emakume) batentzat”. Aurrekoan bezala, frantsesezko itzulpena erantsi zion: “Un coq suffit à dix poules, mais dix hommes ne suffisent pas à une femme(eta, bide batez, ohartarazten gaitu horrelaxe esaten dutela maiseatzaileek emakumeen kontura, baina ez dela gehienetan egia!).

 

3/ Euskaltzaindiak, bere Euskal Gramatika Laburra liburuan (161.-162. or.), honela dio:

«Egungo euskaran ere aurki daitezke halako erabilera duten esaldiak (Baztanen, esaterako, arrunta da ondoko agur hau, baina zubereraz eta behe nafarreraz ere erabiltzen da zien aldaerarekin):

Adio zuen! (= zuentzat/zuei)

 

Beste honako hau ere tankera berekoa da:

                             To, hire (= hiretzat)»