Galdera

 

Semaforoa gorri/gorria/gorrian dago? 

 

Data: 2014/10/23



Erantzuna

 

Gure ustez, hirurak dira zuzenak: gorri/gorria dago banaketa batez ere euskalki kontua da; semaforoaren kasu berezi honetan, gorrian dago (eta berdean dago, noski) ere guztiz zuzena da.

 

1/ Predikatu osagarrian adjektibo bat dagoenean, arazo handia izaten da batzuetan erabakitzea noiz jarri artikulua eta noiz ez. Aditza izan den kasurako, artikulutxo bat daukagu gure datu-basean.

Beste aditz batzuekin (egon, jarri…), adjektiboa artikulurik gabe ematea da joera zabalduena, gure ustez:

·         Semaforoa gorri dago.

·         Zopa oso hotz zegoela ekarri zigun zerbitzariak.

·         Dagoeneko handi-handi egin zarete.

Baina, horiekin guztiekin, beste hauek ere entzuten dira zenbait hizkeratan:

·         Semaforoa gorria dago.

·         Zopa oso hotza zegoela ekarri zigun zerbitzariak.

·         Dagoeneko handi-handiak egin zarete.

 

2/ Semaforoaren kasua berezia da, erantzun laburrean esan bezala. Hala, agian, gaztelaniaz en rojo esaten delako, semaforoa (gorri kolorean =) gorrian egon esapidea bizi-bizirik dago euskara batzuetan. Kalkoa izan zein ez izan, ez genuke inola ere okertzat joko. Hona adibide batzuk:

·         «Semaforoa berdean badago, euskaraz egin; gorrian edo horian badago, zeuk erabaki» (Berriako artikulu baten izenburua)

·         «Semaforoa berdean dute euskarazko autoek» (Argia)

·         «Orduan irakasleak kontatu zigun behin semaforoa berdean zela ikasle bat auto batek nola harrapatu zuen» (Gara)

·         «Semaforoa gorrian jartzen bada esan nahi du albiste horrek ez diola batere onik egiten euskarari. Berdea jartzen bada onuragarria da eta…» (Argia: bi aukera batera!)