Galdera

 

'Directividad' (antenen eta mikrofonoen ezaugarri bat): nola eman euskaraz? Egokia da 'noranzkotasuna'? 

 

Data: 2014/10/29



Erantzuna

 

Norabidetasuna (direktibitatea)

 

1/ Antenak eta mikrofonoak norantz orientatu, heltzen zaizkion seinaleak intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin hartzen dituzte. Fenomeno horren berri ematen digun parametroari directividad esaten zaio gaztelaniaz (ing, directivity; fr., directivité)


Norantz idatzi dugu aurreko paragrafoan, baina hori hizkera naturalean esateko modua baino ez da. Hizkuntza zientifikoan, berriz, norabide (gazt., dirección; fr. eta ing., direction) terminoa erabiltzen da esan nahi duzuna adierazteko; eta norabide bakoitzak bi noranzko ditu (ezkerrera edo eskuinera, gora edo behera, Eibartik Bilbora eta Bilbotik Eibarrera…).


Beraz, gure ustez, ez da egokia noranzkotasuna.

 

2/ Beste kontu bat da termino egokia zein izan litekeen asmatzea.


Bi aukera daude:


·         Mailegu gordina hartzea, edo horren ildotik nolabait jotzea: direktibitatea / direktibotasuna… Hezkuntza Sailaren xedapen batean aurkitu dugu; EHUn ematen den arlo baten deskribapenean; Mondragon Unibertsitateko dokumentu batean…


·         Ingelesez direction terminoaren gainean –hala moduz!– eraiki den moduan, euskaraz ere norabide delakoaren gainean –hala moduz!–  eraikitzea: norabidetasuna. EHUk argitaratutako mikrofonoei buruzko testu batean aurkitu dugu; Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoan; Lanbideren webean…

 

Informazio hori guztia eskaintzen dizugu. Nahiago dugu, ordea, zeuok aukeratzea zein bidetatik joan…