Galdera

 

[ikas + unitate]: ikasunitate, ikastunitate…?

 

Data: 2014/11/03



Erantzuna

 

Ez dago ezer araututa (Hiztegi Batuak ez du jasotzen). Gure aholkua da marratxoz bereiztea: ikas-unitate.



1/ Euskaltzaindiak bere 25. arauan zehaztu zuen nola osatzen diren eta nola idazten diren hitz elkartuak. Arau horretako II. 3 atalean (“Loturik idaztekoak diren hitz elkartuak”), honela dio:

«Jarleku [aditz-erro + izen] moduko elkarteak (loturik idatzi behar dira): egongela, aldagela, abiaburu, helmuga, idazmakina, mintzapraktika, salneurri, irakasmaila; agerbide, eskabide, jokabide, komunikabide; agerraldi, egonaldi, emanaldi; galdegai, irakurgai, osagai; pausaleku, sorleku; biltoki, geltoki, erakustoki;  jokamolde, pentsamolde; aztergune, lehiakide, sortalde, idazlan, ikerlan; ikasgela, ikastetxe…»

 

Ikusiko duzunez, hainbat kasutan, aditz-izenaren arrasto modukoa dirudien t (eta gero p eta k) hotsak sortu dira hitz-junturan: esapide, jardupide, idaztarau, ikasturte, ikastordu, irakasteredu, idazkola, irarkola


Arauak baditu salbuespenak, eskaini dizugun estekan aurkituko ez dituzunak (Euskaltzaindiaren LEF batzordea: Hitz elkartuen osaera eta idazkera, Euskaltzaindia, 1992, 76. or.):

«Hitz-juntura ilun gera daitekeenean (juntura aurreko eta ondoko silabak berdinak direlako, txistukari + txistukari hotsak elkartzen direlako, etab.), marra bidez eman daitezke hitz elkartuok. Adibidez, azter-eremu, eragin-indar, ikas-sail, irakas-sistema, ikas-helburu, ibil-leku, amil-leku, eho-makina, esna-ordu, irten-muga, idatz-hizkera, jardun-atal…»



2/ Zuk daukazun zalantza bera beste hainbat eta hainbatek ere badituzte, egon litezkeen aukera guztietan zein hobetsi erabaki ezinik:

a.       Araua bere horretan gordeta, ikasunitate behar du.

b.       Aditz-izenaren arrastodun hitz elkartuen ereduari jarraituta, ikastunitate.

c.       Salbuespen horietako bat izan daitekeelako susmoa izanda (Noiz geratzen da ilun hitz-juntura?: oso kontu subjektiboa da hori), ikas-unitate.


Kontu honetan zer-nolako anabasa dagoen erakustearren, erakutsiko dizugu antzeko beste adibide batekin [ikas + material] nola jokatzen duten Berrian (dena batera, marratxoz bereizita, marratxorik gabe…: aukera guztiak!):

·         «Ikasliburuaren kontzeptua ikasmaterialarena baino murritzagoa da; hor sartuko lirateke erreferentziazko lanak, hiztegiak, entziklopediak, lan monografikoak eta bestelakoak»

·         «Ikasmaterialak sortzea ez da lan erraza»

·         «Ikas Pedagogi Zerbitzuen ikas-materialen aurkezpenean»

·         «Ikas-materialaren itzulpena»

·         «Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko»

·         «Irakasleek ikastaroak egiten dituzte, ikas material asko sortu da...»

·         «Ikas-materiala prestatzen ari dira» (Andoni Egaña)  

·         «Euskarazko ikasmaterial onenak eta berritzaileenak saritu ditu Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak»

·         «Ikasmaterial osagarririk onena: Zubia argitaletxearen Matematikako koadernoak 1.1, 1.2, 1.3 LMH»

 

Kasu honetan, ordea, Euskaltzaindiak erabaki du dagoeneko zein den batuko forma: ikasmaterial.

 

 

3/ Arazoa azalduta, aukera agian logikoena da fardela zuri pasatzea: zeuk erabaki nola jokatu. Baina hasiera-hasieratik hartu genuen konpromiso ez idatzia busti egingo ginela (baliteke sarriegi eraman izana konpromisoa muturrera, eta baliteke hau izatea beste kasu bat), eta azalduko dizugu nola jokatuko genukeen guk geuk (erantzun laburrean adierazi dizugu).  

 

Ikas (eta irakas) aditzoineko hitz elkartuetan:

a.       Hiztegi Batuak jasotzen dituen formei eutsi (arau estatusa daukate): ikasbide, ikasgai, ikasgela, ikaskide, ikaslagun, ikasleku, ikasliburu, ikasmahai, ikasmaila, ikasmaterial, ikastaldi, ikastaro, ikastetxe, ikastola, ikastordu eta ikasturte.

b.      Hiztegi Batuan ageri ez bada, baina bigarren zatia euskal ondarekoa bada eta izenaren lehen letra h edo txistukaria ez bada, lotuta: ikasaulki, ikasgune, ikasgura, ikasmaila, ikasmin, ikaspostu, ikastalde, ikastoki

c.       Beste guztiekin, hitz-juntura nolakoa den eta izena luzea edo laburra den, modu batean edo bestean jokatu: ikasprozesu edo ikaste-prozesu, ikas-sekuentzia, ikas-helburu, ikas-unitate…

 


4/ Egia osoa aitortzera, zeuk proposatutako ikastunitate forma baztertzeko motibo handirik ez daukagu. Uste dugu heredatu ditugun formekin bakarrik komeni dela -t- hori txertatzea (ikastaldi, ikastaro, ikastetxe, ikastola, ikastordu eta ikasturte), baina irudipena dugu oker egon gintezkeela, Xuxenek ez du-eta azpimarratzen (horrek esan nahi du Xuxen barruko hiztegian dagoela noski).