Galdera

 

'Euskera' ala 'euskara'? 

 

Data: 2014/11/04



Erantzuna

 

 

Euskara da batuko forma.



1/ Euskara dialektalean, hainbat modutan ahoskatzen da gure hizkuntzaren izena: euskara, euskera, eskuera, eskara, eskera, eskoara, auskera, uskaa, uska… Orotariko Euskal Hiztegian dituzu forma horiek guztiak eta gehiago, eta zein forma zein hizketari dagokion.

Hainbeste aldaera daudela ikusita, erraz ulertuko duzu haietako bat aukeratu behar zela euskara estandarrerako. Hala, euskal hitzen forma estandarrak zein diren erabakitzea da Euskaltzaindiaren betebehar garrantzitsu bat, eta forma horiek guztiak Hiztegi Batuan zehazten ditu. Horra jo behar duzu jakiteko zein den hitz baten forma euskara batua. Kasu honetan, euskara forma aukeratu zuen Euskaltzaindiak.

Kontuan hartu, baina, euskara batua komunikazio egoera formaletan aplikatu beharreko hizkuntzaren aldaera baino ez dela, ez ezinbestean bestelako komunikazio egoeretan. Hala, Hego Euskal Herriko hiztun gehien-gehienok euskera ebakitzen dugu, forma hori heredatu dugulako gure hizkeretan: euskera  ahoskatu, baina euskara idazten dugu testu formaletan.

 

2/ Baliteke Hiztegi Batuan honako hau irakurri izana:


euskera* e. euskara,


eta horrexegatik harritu zarela, euskera zerrenda horretan ikusita. Baina izartxoak (*) adierazten du hitzaren forma hori ez dela erabili behar euskara batuan , eta 'e.' laburdurak, berriz, ondoko forma erabiltzeko agintzen du: "forma okerra da euskera; erabili ezazu euskara".

Beste adibide bat: "ihaz* e. iaz". Beraz, forma okerra da ihaz, eta iaz erabili behar dugu.



3/ Hizkuntzen izenen gainean, badugu artikulutxo bat gure datu basean: 'Ingelera' ala 'ingelesa'?. Baliteke interesgarria suertatzea, beste honekin batera: Gaztelania ala gaztelera?.

Eta gaztelania aipatu dugunez, ohartxo bat: euskera forma aukeratu zuen Espainiako Errege Akademiak gure hizkuntza espainieraz izendatzeko. Horrela aurkituko duzu, esaterako, wikipedian gaztelaniazko orrian; baina euskarazkora jotzen baduzu, euskara jartzen duela ikusiko duzu.



4/ Eta opari bat, amaitzeko:

Minutu bateko manifestua

Lingua Vasconum, Lingua Navarrorum, Lingua Vasca, Limba Vasca, Llengua Vasca, Lengua Vasca, Langue Basque, Basque Language, Baskische Sprahe, Baskische Täl, Baskitski Jazyk, Baskisk Sprog, Jelzik Baskiski, Bask Sprok, Baski Ezin, Bask Nielv, Vaskii Jazik, Basko Simi, Ibaskiki Glosa, Baskin Kieli, Baski Keeli, Baski Geld, Urrulimi Baski, Uzuelelu Vasko, Nkobe Vasco, Ludimi Bask, Bakeren Lezou, Aluga Baskia, Basuku Go, Pachike Yü, Bask Ki Ke, Leilali Bask, Euskera, Üskara, Euskerie.

Euskara: Gure hizkuntza da.

Bernardo Atxaga