Galdera

 

Dezibel/zortziko edo dezibel/zortzidun? 

 

Data: 2014/11/18



Erantzuna

 

Dezibel/zortzidun (dB/zortzidun)

 

1/ Kontsultan diozu testu batean dezibel/hamarreko izeneko unitatea erabiltzen dutela, bai eta dezibel/zortzidun ere, eta ez dezibel/zortziko.

Guk argi daukagu zortzidun terminoa erabili behar duzula gaztelaniazko octava, frantsesezko octave eta ingelesezko octave adierazteko, ondo errotuta baitago –esaterako– musikari dagokion terminologian (Fisika edo Telekomunikazioen arloetan ere berdin erabili behar dugu, funtsean kontu bera baita batean zein bestean: “frekuentzia edo maiztasun bat zortzidun bat igotzen da frekuentzia bikoiztu egiten denean”). Ez erabili, beraz, zortziko.

Izatekotan, hamarreko termino horrekin izango genuke zalantza, ez dugu-eta batere argi zein izan litekeen euskal ordain egokiena gaztelaniazko década, frantsesezko décade eta ingelesezko decade emateko: “frekuentzia edo maiztasun bat hamarreko (?) bat igotzen da frekuentzia halako hamar egiten denean”. 

 

2/ Kontuz ibili laburdurekin (sinboloekin)!

Dezibel unitatearen sinboloa dB da, eta ez Db: dezi aurrizkirako ‘d’ letra erabiltzen da, beti xehea; eta izen berezietatik datozen unitateen izenak (ikerlari batzuen omenez jarritakoak), berriz, beti larriz:

newton

N

← Isaac Newton

watt

W

← James Watt

ohm

Ω

← Georg Simon Ohm

bel

B

← Alexander Graham Bell

 

            Hala, dezibel = dB eta kilowatt = kW.