Galdera

 

Nahi izan aditza: Zuzena da 'Ikastetxea bisitatzera gonbidatu nahi dizuegu'?

 

Data: 2014/11/21  



Erantzuna

 

Ez: “Ikastetxea bisitatzera gonbidatu nahi zaituztegu” behar du.

 

 

Hurrengo lerrootan, saiatuko gara labur erakusten nola erabili nahi izan aditza euskara estandarrean.

 

1/ Nahi izan aditzak, askotan, perpaus menderatu bat izaten du osagarri. Bi kasu gertatu daitezke:

 

a.       Bi subjektuak bat etortzea. Orduan, perpaus menderatuaren aditza partizipio modura ematen da:

Cervino mendira joan nahi dut.

Susan Sontag-en The Volcano Lover liburua irakurri nahi dut.

b.      Bi subjektuak desberdinak izatea. Orduan, aditz izen modura ematen da perpaus menderatuaren aditza, edo subjuntiboko laguntzaile batekin:

(Zu) Mendira joatea nahi dut.

Mendira joan zaitezen nahi dut.

(Zuk) Liburua irakurtzea nahi dut.

Liburua irakurri dezazun nahi dut.

 

Zure adibidea, jakina, lehen sailekoa da.

 

 

2/ Eman dezagun bi subjektuak bat datozela.

 

Euskaltzaindiaren 114. arauaren arabera (“Nahi/Gura izan aditzen jokabidea aditz iragangaitzekin”), nahi izan (eta gura izan, nahiago izan, gurago izan…) aditza NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sailetako aditz laguntzaileekin erabili behar da.

 

Ikusi dezagun kasuistika osoa:

 

a.       NOR saileko aditzekin ® NOR-NORK sailekoak:

Lehenbailehen etorri nahi du bueltan Punta Canatik: aspertu egiten da.

b.      NOR-NORK saileko aditzekin ® NOR-NORK sailekoak:

Bihar bertan ikusi nahi zaitut.

Afaltzera gonbidatu nahi gaitu: zer esan behar diot?

c.       NOR-NORI-NORK saileko aditzekin ® NOR-NORI-NORK sailekoak:

Bihar bertan ikusi nahi dizkizut arrakada berriak.

Baietz esan nahi nioke afaltzera gonbidatuko bagintu.

Konturatuko zinen kasu bat falta dela aurreko eskeman: aditza NOR-NORI sailekoa denean. Bada, arauak diosku kasu hori salbuespena dela. Aurreko guztietan (du/dio moduko aditz laguntzaileak hartzen baitituzte) ez bezala:

 

d.      NOR-NORI saileko aditzekin ® NOR-NORI sailekoak:

Joan nahi zitzaion bisitatzera, eta oraingo emazteak, zorionez, onartu egin zion .

Gozo mintzatu nahi natzaizu, baina ezinezkoa zait nire izaera honekin.