Galdera

 

Joko batzuen euskarazko izenak: gallina ciega, cubo de Rubik eta tres en raya.

 

Data: 2014/11/21



Erantzuna

 

Gallina ciega: itsumandoka / itsu-itsuka

Cubo de Rubik: Rubik-en kuboa

Tres en raya: artzain jokoa / hiru lerroka

1/ Itsumandoka / itsu-itsuka


Gaztelaniazko “gallin(it)a ciega” izeneko jokoak (fr. colin-maillard; ing. blind man's b(l)uff; it. mosca cieca; al. Blindekuh…), beste hainbat hizkuntzatan bezala, izen ugari hartzen du euskaraz ere. Hala, Resurreccion M. Azkuek, Euskalerriaren Yakintza (IV. tomoa, 330. or.) obran dioenez, izen hauek guztiak bildu zituen han-hemen: itsu-itsuka (utsi-utsika), buleka, epetx ala pexka, erroz-erroz, itsuka, itsuketan, itsu-kapeluka, itsu-mandoka (ütsü-mandoka), sagar ustelka, tatarrakaketa, txoria martoloka, zapoka, zomorro momorro, batu-pareaka, itsu astoka, zarzarren, gordean, gordeka, laba-labaka, tatarrataka, tatarka, solomosu, sormotzo, zapata-txikituetan eta kukulikordeka.

Guk itsumandoka eta itsu-itsuka proposatuko dizkizugu, erabilienak horiexek direlakoan, eta jasotzen dituelako Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak.

Interesgarria izango zaizulakoan, hona aldatuko dizugu nola jaso zuen Azkuek jolas honen aldaera baten deskripzioa (euskara batura ekarri dugu):

«Bat itsututa eta makurtuta dagoelarik, lagunak bizkarrean bonetarekin jotzen dute, eta beren bila hasten da hura. Jotzen dauden bitartean, hitz hauek erraten dizkiote itsutuari: —Itsu-kapela, non duk andrea?Sasian galdu —ihardesten die itsutuak—. Bila bertzea. Itsuak, orduan, ziria botatzen du. Jotzen duenak etorri behar du eta begiak estalirik egon»

 

2/ Rubik-en kuboa


Beste biak ez bezala, Rubik-en kuboa jolas berri-berria da, atzo goizekoa: 1974an asmatu zuen Ernö Rubik hungariarrak. Beraz, hizkuntza ia guztietan hartzen du izen bertsua: ing. eta fr. Rubik’s Cube (Cube Rubik, Kanadan); it. cubo di Rubik; al. Zauberwürfel (= “kubo magikoa”)…

Beraz, modu horretantxe jokatu behar dugu euskaratzeko: Rubiken kuboa.

3/ Artzain jokoa / hiru lerroka



Itsumandoka jolasarekin gertatzen den bezala, jolas tradizionala izanik, gaztelaniazko tres en raya delakoak izen ugari hartzen ditu inguruko hizkuntzetan. Erabiliena, tic-tac-toe da, frantsesez, ingelesez eta alemanez izen hori nagusitu ei delako; italieraz, berriz, tris esaten diote (baina baita filetto, fila tre, crocetta e pallino, zero per, cerchi e croci, tria, OXO, XOXO eta tic-tac-toe bera ere).

Euskaraz, gure ohiko iturrietan kontsultatu (Elhuyar eta Zehazki hiztegiak, Euskalterm banku terminologikoa…), eta Euskaltermen bakarrik aurkitu dugu: artzain jokoa (Wikipediako euskarazko artikuluan ere horrela esaten zaio: (hiruko) artzain jokoa). Dirudienez, halaxe esaten diote/zioten Ipar Euskal Herrian, eta halaxe jaso zuten hango hainbat idazlek.

Guk, badaezpada, Euskalbar-eko leihotxoan “tres en raya” idatzi, eta "Itzul (posta-zerrenda)"ra jo dugu. Itzultzaileen mezu trukea topatuko duzu bertan, oso interesgarria.

Esaterako, batek zalantzan jartzen du artzain jokoa benetan “tres en raya” den (baina dena delako bidetik –Euskaltermen, eskolaren edo komunikabideen bitartez– zabalduko balitz, arrakastarik balu, berdin lioke zer-nolako jatorria duen…). Irakurriko dugu, horrez gain, EITBn gutxienez bi izen asmatu-edo egin zituztela jolaserako: hirutan hiru eta hiruko lerroa; eta Aita Donostiak (eta ez bestek) jaso zuela beste izen bat: artzain-marra.

Amaitzeko: mezu truke horretan ikasi dugunez, 1997an argitaratu zuen Patxi Anguloren Mundu zabaleko jokoak, jokoen mundu zabala liburuan, 147. orrialdean, hiru lerroka eman zuen Elhuyarrek. Bidenabar esanda: baliteke liburua bera interesatzea; bada, doan eskuratu dezakezu Elhuyar fundazioaren web-orrian.