Galdera

 

Facebook / Twitter / WhattsApp / PowerPoint: Larriz edo xehez idatzi? Izen arrunt edo izen berezi gisa deklinatu?  

 

Data: 2014/12/01  



Erantzuna

 

Batez ere teknologia izenekin eta webgune/programa /aplikazio… informatikoen izenekin, bi erreferente aipa daitezke: batetik, webgunea/programa /aplikazioa… bera; bestetik, horren bidez lortutako emaitza. Kasu batean edo bestean, bestela jokatu behar da:


1/ Erreferentea webgunea/programa /aplikazioa… bera denean:

Twitter eta Facebook sare sozialak sortzeko webguneak dira; WhatsApp aplikazio bat mezuak bidaltzeko; eta PowerPoint, diapositiba aurkezpenak egiteko programa bat. Horrela aipatzen dituzunean, letra larriz idatzi behar dituzu, eta izen berezi gisa deklinatu:


·         Bestalde, herritarren parte-hartzea sustatu nahi dute Twitter, Facebook eta antzeko sare sozialen bitartez.

·         Facebook-en sorrera azaltzen duen The Social Network filma izan da aurten Urrezko Globoetan saritu nagusia.

·         Microsoft enpresaren datuen arabera, ia 30 milioi aurkezpen egiten dira egunero munduan PowerPoint-en bidez.

·         Ez badakizu Whatssapp zerbitzua erabiltzen, hobe duzu lehenbailehen ikastea.


2/ Erreferentea webgunearen/programaren/aplikazioaren… bidez lortutako emaitza denean:

Horrela aipatzen dituzunean, letra xehez idatzi behar dituzu, eta izen arrunt gisa deklinatu:


·         (Joan den asteartean zabaldu nuen kontu bat Twiterren, eta) dagoeneko 8.000 mezu sartu zaizkit nire twitterrean.

·         Sabiñok argi azaldu zidan nola gorde powerpoint bat edozein ordenagailutan arazorik gabe funtziona dezan.

·         Bidali zuk ere zurea askogara@eitb.com posta helbidera, eta eman zure iritzia; kontatu zein den gehien gustatu zaizuna 688 666 000 zenbakira whatsapp bat bidalita.



Are gehiago: EIMAren Letra larriak liburuak dioen legez (“Markak eta modeloak” 2.2.3.5 atalean, 42. or.), idazkera ez formaletan egokitu ere egiten da maiz grafia:

·         Eta guasapa ordaintzekoa izango dela aipatzea ere ez legoke txarto.

·         Guasapa”? Zer da hori?  Guk “Gaupasa” baino ez dugu ezagutzen!

·              Gaur egun, berriz, arraroa izaten da holako bat pasatu eta handik bost minutura jakiten ez           duena: telebista dela, mobiletik botatzen dizuten tuita, guasapa edo matraka...