Galdera

 

50 km/h-ko abiaduran: esan daiteke 50ean?

 

Data: 2014/12/01  



Erantzuna

 

Testuinguru ez-formaletan (lagunarteko hizkeran, SMSetan, tuit batean…), bai.

 

 

1/ Eskolako testu bat idazten duzunean (testu formal batean, hain zuzen ere), gure ustez, derrigorrean aipatu edo idatzi behar dituzu unitateak, bai euskaraz, bai beste edozein hizkuntzatan:

“50 km/h-ko abiaduran nindoan… = Orduko 50 kilometroko abiaduran nindoan”

 

Oharra: Fijatu zaitez nola idatzi dugun: Orduko 50 kilometroko abiaduran, eta ez 50 kilometro orduko abiaduran. Horren gaineko informazioa nahi baduzu, irakurri EIMAren Zientzia eta teknikako euskaraz arautzeko gomendioak liburuko 74. orrialdea.

 

2/ Bestelako testuinguruetan, informazioa ahalik eta modu naturalenean emanda hartzaileak zuzen ulertzea da helburu bakarra. Beraz, ez dago inolako arazorik horrelakoetan, jakinik abiaduraz ari garela, bai unitateak bai abiadura hitza bera ere inplizituki uzteko:

—Azkarregi zoaz!

—Bai, zera! 50ean noa-eta!

 

Elkarrizketatxo horretan, lehen solaskideak adierazten du abiadura dela hizpidea; beraz, bigarrenak ez du zertan aipaturik abiadura hitza erantzunean. Eta, jakina, 50ean entzunda, gutako edonork berehala pentsatuko du km/h dela unitatea, horixe baita hizkera arruntean erabiltzen dugun antonomasiazko unitatea (eta ez m/s, edo cm/min, edo argi-urte/s…).

 

 

 

3/ Kontsultan, galdetu diguzu ea 50ekoan noa esan litekeen. Gure ustez, ez dago arazorik horrelakorik onartzeko (“50eko abiaduran noa” esatea bezala izango litzateke), baina iruditzen zaigu 50ean naturalagoa-edo dela.