Galdera

 

Ikasleentzat egokitzapen batzuk egiten ari gara eta hainbat hitzen silaba kopuruak zenbatzeko garaian zalantzak sortzen zaizkigu zenbait hitzekin. Zenbat silaba dituzte…?

 

Data: 2015/01/13



Erantzuna

 

Nolako irizpideak erabiltzen diren, modu batean edo beste batean ebaki daitezke silabatan hitzak.

Adibidez:


Asia = a-si-a (3)

Momia = mo-mi-a (3)

Kolonizazio = ko-lo-ni-za-zi-o (6)

Sedentario = se-den-ta-ri-o (5)

Garraio = ga-rra-yo (3)

Laia = la-ya (2)

Hieroglifiko = ye-ro-gli-fi-ko (5)

Saihestu = sa-yes-tu (3)

Aireportu = ai-re-por-tu (4)

Ibai = i-bai (2)

Hartzaile = (h)ar-tzai-le (3)

Kondaira = kon-dai-ra (3)

Adreilu = a-drei-lu (3)

Faraoi = fa-ra-oi (3)

Euskarri = eus-ka-rri (3)

Joaldun = jo-al-dun (3)

Arkeologo = ar-ke-o-lo-go (5)

Mediterraneo = me-di-te-rra-ne-o (6)

Inuita = i-nu-i-ta (4) edo i-nui-ta (3)

Asia = a-si-a (3)

Momia = mo-mi-a (3)

Kolonizazio = ko-lo-ni-za-zi-o (6)

Sedentario = se-den-ta-ri-o (5)

Garraio = ga-rra-yo (3)

Laia = la-ya (2)

Hieroglifiko = (h)i-e-ro-gli-fi-ko (6)

Saihestu = sai-(h)es-tu (3)

Aireportu = ai-re-por-tu (4)

Ibai = i-bai (2)

Hartzaile = (h)ar-tzai-le (3)

Kondaira = kon-dai-ra (3)

Adreilu = a-drei-lu (3)

Faraoi = fa-ra-oi (3)

Euskarri = eus-ka-rri (3)

Joaldun = jo-al-dun (3)

Arkeologo = ar-ke-o-lo-go (5)

Mediterraneo = me-di-te-rra-ne-o (6)

Inuita = i-nu-i-ta (4) edo i-nui-ta (3)

 

 


1/ Aldez aurretik, esan bezala, ez dago esaterik zenbat silaba dituen hitz bakoitzak: nola ahoskatzen dugun, silaba kopuru bat edo beste izango du. Esaterako:


·         nahi: bi silabatan (na-hi, na-i) edo silaba bakar batean (nai) ahoskatu daiteke.

·         zaharra: hiru silabatan (za-ha-rra, za-a-rra) edo bitan (za-rra) ahoskatu daiteke.

·         egin: bi silabatan (e-gin) edo silaba bakar batean (ein, in) ahoskatu daiteke.

·         arteaga: lau silabatan (ar-te-a-ga) edo hirutan (ar-tea-ga, ar-tia-ga, ar-te-a, ar-ti-a) ahoskatu daiteke.

·         ohea: hiru silabatan (o-he-a, o-e-a), edo bi silabatan (o-ya) ahoskatu daiteke.

 

 

2/ Beraz, proposatzen duzun ariketa egiteko, irizpide batzuk ezarri behar dira aurrez.

Bigarren zutabea, esaterako, Euskaltzaindiak 87. arauan (“Euskara batuaren ahoskera zaindua”) markatzen duenaren arabera osatu dugu. Besteak beste, hau dio:


«Bokal biren artean <h> idazten denean, <h> ahoskatzen ez den euskalkietako hiztunek ere bokal bakoitza silaba batean ahoskatzera joko dute hizkera maila zainduan (hala nola: za.harra; na.hi du; bi.hurturik; a.hula; be.hi)».


Baina, gure ustez, demasekoa izan liteke Lehen Hezkuntzako zuen ikasleei esatea nahi –adibidez– bi silabatan ahoskatu behar dutela. Bestelako irizpideak erabili beharko zenituzkete, ikasleek natural-natural kantatu ditzaten Xabier Amurizaren bertso hauek (Imanolek kantatzen zituenak):

 

Mundua ez da beti jai
inoiz tristea ere bai
baina badira mila motibo
kantatzeko alai.
Bestela datozen penai
ez diet surik bota nahi
ni hiltzen naizen gauean behintzat
egizue lo lasai.

 

3/ Pentsaturik euskara batuko formak beren horretan erabili nahi dituzuela oinarri gisa, lehenengo zutabea ere eraiki dugu, h-rik kontuan hartu gabe. Hona hemen irizpide guztiak:


·         h-rik kontuan ez hartzea.

·         h-a ez beste hots guzti-guztiak ebakitzea (hau da, egin→ein/in bezalakorik ez egitea).

·         Goranzko diptongorik ez (ia→i-a, ie→i-e, io→i-o, ua→u-a, ue→u-e, uo→u-o), Bizkai-Gipuzkoetako hizkera gehienetan diptongook apurtzeko joera baitugu, baita beste hizkuntzetatik datozkigun hitzetan ere.

·         Beheranzko diptongoak, beti (ai, ei, oi, au, eu, ou).

·         Bi bokal ireki (a) edo erdi-ireki (e,o) elkarren ondoan egokitzen badira, hiatoa beti: (oa→o-a, ea→e-a, eo→e-o…).

 

4/ Baina beste irizpide batzuk ere hartu ditzakezue; esaterako, zuen herriko ahoskera. Goierrikoak izanik, honakoak egingo dituzue:

kalean→ka-len

euria→e-bi-e

askatuas-kau

nuen→non

 

Norako edo zertarako den, guztiz irizpide zuzena izan liteke gure ustez, zein den ariketaren helburua, zer adin duten ikasleek, zer hizkuntza gaitasun garatu duten…


5/ Oharrak

a)      Ez genekike zer egin (zuen kasuan, zuen ariketa horretan) zaharra bezalako hitzekin: za-a-rra edo za-rra?

b)      Hitzen gainean ari gara, eta ez unitate foniko bakoitzean elkartzen diren hitzen gainean. Hau da, [ez+zara → etzara] egiten bada (sandhi fenomenoak deritze hizkera teknikoan), zein dira silabak, ez-za-ra ala e-tza-ra?

c)      Arkeologo, Mediterraneo eta joaldun: oso ohiko da sineresia (bi bokalak silaba batean ebakitzea) hitz hauetan.

d)     Laia: i grafia hutsa da. Ahoskatzean, kontsonante bihurtzen da: horregatik idatzi dugu la-ya. Hori dela-eta, saihestu hitzaren kasuan, h-a ahoskatu ez, eta i idazten dena automatikoki bihurtzen da kontsonante: sa-yes-tu (euskara batuaren ahoskera zainduan, berriz, sai-(h)es-tu).

e)      Adreilu: Ez dauka eraginik silaba kopuruan, baina bustidurak badu eragina silabak zein diren erabakitzeko orduan: a-drei-lu ala a-dre(i)-llu?

f)       Asia, sedentario eta momia: Erdararen eraginagatik, diptongoa egiten da zenbait hizkeratan: a-sia. Gorago esan bezala, baina, diptongook apurtzeko joera dago hizkera gehienetan, baita kanpotik datozkigun hitzekin ere.

g)      Inuita: Euskaltzaindiaren 87. arauak dioen bezala, «badira hitz batzuetan ui diptongoak». Beraz, bi aukerak dira zuzenak, gure ustez, baita arauaren arabera ere.

 

6/ Baliteke pentsatzea errazagoak direla kontuok gaztelaniaz. Baina berdin-antzekoa da hizkuntza guztietan. Esaterako, hona Diccionario panhispánico de dudas Espainiako Errege Akademiaren obrako pare bat pasarte, hiato eta diptongoei dagozkienak:


«[…] en el habla, la secuencia de dos vocales abiertas —especialmente cuando ninguna de ellas es tónica (petróleo, raedera)— puede articularse como diptongo, esta combinación vocálica se considera siempre hiato desde el punto de vista normativo [hau da, arauaren arabera]».

«[…] por ejemplo, la secuencia ie se pronuncia como diptongo en la palabra miedo (mie - do) y suele pronunciarse como hiato, al menos en España y algunas zonas de América, en rieron (ri - e - ron)».

«[…] algunas de estas combinaciones vocálicas (las formadas por una vocal cerrada átona y una abierta tónica, o por dos vocales cerradas diferentes) pueden, en una misma palabra, fluctuar en su pronunciación entre el hiato y el diptongo, dependiendo de diversos factores, como el mayor o menor esmero en la pronunciación, el origen geográfico o social del hablante, etc.; así ocurre, por ejemplo, en gratuito, que puede pronunciarse con diptongo (gra - tui - to) o con hiato (gra - tu - i - to)».

 

Errazagoa da h-ren kontua, noski. Grafia hutsa denez, ahoskera arrunt gehienetan zein jasoan, berdin ebakitzen dira h-dun hitzak:

hierba→yer-ba

desahucio→de-sahu-cio

ahijado→ahi-ja-do

prohíbo→pro-hi-bo