Galdera

 

Desbloqueo de puertas: egokia da ateak lokatzea?

 

Data: 2015/01/29



Erantzuna

 

Ateak desblokeatzea aukeratuko genuke guk.

 

 

1/ Hiztegietan begiratuta, zer adiera ditu lokatu aditzak?

1.      Oiloez eta hegazti emeez mintzatuz, loka (txitatzeko egoeran) jarri.

2.      Loka, koloka jarri. / Hezurrez eta kidekoez mintzatuz, bere tokitik atera.

Bigarren esanahiari erreparatuta, Hiztegi Batuan hau aurkitu dugu:

loka 2 adlag. 'koloka': loka-loka jarri zitzaizkion hortzak.

Beste adibide batzuk, Egungo Euskararen Hiztegitik hartuak:

Batak belarrian zauriak zituela eta besteak beso bat lokatua zuela.”

Berria, 2004-08-22

Tamalez, Gipuzkoa bouaren brankako kanoia behin eta berriro lokatu zen, eta txopakoak ez zuen tiro bakarra ere egin ahal izan; ezgauza zen.”

Edorta Jimenez  «Kilkerren hotsak» - 102. orr

 

Eta interesgarria iruditu zaigu Eibarko euskaran ageri diren azalpenak eta esaldiak (ikusi loka, lokara, lokatu…). Batuan emango ditugu haietako batzuk:

 

“Oliotan beratu eta lokatu du torlojua.”

“Mahai honek loka dauka hementxe.”

“Ardatzaren eta kojinetearen artean loka zegok, eta zelan ibiliko duk ba makina ondo!”

 

Amaitzeko, automobilaren “punto muerto” lokagune, loka-puntu ematen du Zehazkik.

Beraz, loka egon, loka jarri, lokatu… esaten dugunean, “piezaren bat lasaitu edo askatu”, “objekturen bat dantzan ibili”, “kolokan egon”… adierazten dugula dirudi. Orduan, “ateak lokatu” interpretatu daiteke “bere lekutik atera”, gure ustez.

 

2/ Hiztegietan begiratuta, nola ematen dute euskaraz desbloquear aditza?

Elhuyar: desblokeatu, blokeoa kendu.

Zehazki: (mecanismo, coche, etc) desblokeatu, askatu, lokatu.

Dirudienez, Metroko oharra itzuli duenak Zehazkin ageri den hirugarren hitza aukeratu du. Guk, hasieran esan bezala, bestela jokatuko genukeen: “ateak desblokeatu”.

Eta bila gabiltzala, EHUskaratuak corpusean  hau aurkitu dugu:

“sistema de desbloqueo de las puertas desde el exterior del recinto”

→  ateak esparruaren kanpoaldetik desblokeatzeko sistema