Galdera

 

Lengua vehicular: nola esan euskaraz?

 

Data: 2015/02/20



Erantzuna

 

Komunikazio hizkuntza (komunikazio-hizkuntza)

 

 

1/ Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira. Gaur egun, esaterako, bi-hiru forma hauek daude lehian zure kontsultako terminoari dagokionez: komunikazio hizkuntza eta ikas-hizkuntza / irakas-hizkuntza.

 

Dena ondo joatera, proposamen horietatik bat nagusituko da apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den, komunikabideetan aukera guztietako zein erabiltzen duten... (mila arrazoi egon litezke). Edo, zorte ona izan ezean, berriz, jarraituko dute lehian, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiliko gara, zein aukeratu jakin gabe. Auskalo zer gertatuko den zure kontsultako terminoarekin.

 

2/ Horrelako zalantza bat dugun bakoitzean, Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu hitz arruntak direnean, eta Euskalterm terminologia bankura hitz teknikoak direnean. Badaezpada, hiruretan kontsultatu dugu (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzu, beste hiztegi askorekin batera, bi hiztegiok eta Euskalterm bera):


·         Ez Elhuyarrek eta ez Zehazkik ere ez dute jasotzen.

·         Euskaltermen, berriz:

    «Lengua vehicular = komunikazio-hizkuntza

Def.: Informazio edo zerbitzu bat eskaintzean, komunikatzeko erabiltzen den hizkuntza; bereziki, irakaskuntzan jakintza transmititzeko irakasle eta ikasleek erabiltzen duten hizkuntza.»

Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermekin, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; baina forma batzuek “termino normalizatua/gomendatua” etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela. Bada, lengua vehicular = komunikazio-hizkuntza terminoak horrelako etiketa du, eta, beraz, lasai asko erabili dezakezu hemendik aurrera. Bide batez esanda: Termino normalizatu hori, esaterako, Soziolinguistika Hiztegia delakoan ageri da. 2009an argitaratu zen hiztegi hori, eta bertan topatu ditzakezu zurea bezalako zalantza askorentzako erantzunak, edo hurbilekoak.

 

3/ Dena dela, EIBZ nafar elkartearen Hezkuntzako Hiztegian kontsultatzen baduzu, ikusiko duzu irakas-hizkuntza aukeratu dutela, Interneteko (komunikabideetako) hainbat tokitan aurkitu dugun forma bera. Proba egin dugu ikas-hizkuntza formarekin ere, eta hainbat eta hainbat adibide aurkitu ditugu Interneten.

 

Zirt edo zart egin behar denez, Euskaltermek gomendatzen duen terminoaren alde egingo genuke guk. Iruditzen bazaizu hura erabilita ikas/irakaskuntzaren erreferentzia galtzen dela, konpentsatu egin dezakezu, nola edo hala: eskolako komunikazio hizkuntza.

 

 

4/ Amaitzeko, hona hemen nola esaten den frantsesez eta ingelesez:

 

Fr.: langue véhiculaire

Ing.: everyday language