Galdera

 

“Txita arrautzatik atera”: zuzena da? Arrautzetik ala arrautzatik? Zuhaitzan ala zuhaitzean?

 

Data: 2015/02/20



Erantzuna

 

Arrautzatik (-a itsatsia du batuan), baina zuhaitzean (ez dauka -a itsatsirik).

 

1/ Deklinabide markak zein diren, hitzaren oinarrizko formak (kasu markarik gabeak) baldintzatzen du. Batzuetan, zalantzak izaten ditugu, hitzek hainbat eta hainbat forma hartzen baitituzte tokian tokiko hizkeretan. Esaterako, arrautza hitza Orotariko Euskal Hiztegian (euskarazko hiztegi nolabait historikoan) kontsultatuta, aldaera hauek guztiak daudela ikasi dugu:


arrautza (V, G, AN; Mic, Aq 397 y 264, Añ (V), Dv (V), H), arroltze (AN-olza-ulz-erro-burg, L, B, BN, Sal; Urt I 475, Dv, H; -lz- B; Lecl, VocBN (http://www.euskaltzaindia.net/images/stories/oeh/gezia_esk.gif A), VocB), arraultz (G-bet, AN-larr; Lar, Dv (G)), arraultza (G, AN, L; Añ (G), Dv (G), H), arraultze (AN-5vill-ulz, L-côte, BN, S, R; SP, Ht VocGr 392, Arch VocGr (-lz-), Gèze, H), arrauntz (G-nav), arrauntza (V-arrig-oroz-arr; Lcc, Mic (-nzea), Añ (V)), arrautze (V, AN-egüés-ilzarb, BN, S, R-uzt), arrautz (G, AN-gip), arreutze, arroitze (Ae), arroltz (AN-gip), arroltza (A), arrontza (V-ger, G-nav), arrotza (V-ger), arrotze (AN, L-côte, BN), arrotzi (AN-ulz), arrotzie (AN-gulina), arroze (BN-lab), arrozi (BN-mix), arrultze (AN-larr, BN), arruntza (G-nav), arrutza (V-ger) arrutze (V-ple-ger, BN-baig-mix). Ref.: A (arraultza, arrauntza, arrautza, arrautze, arroltza, arrontza, arrultze); VocPir 343; Lrq /aRáuce/; Gketx Loiola (iendratu); Etxba Eib (arrautzia); Iz ArOñ (arráutzia), UrrAnz (árrautzia), Als (arrontzi), To (arrautza), Ulz (arróltzia), R 298; EAEL 243; AtBou 373 y 385; Holmer ApuntV (arrautza, arro(l)tza, arrutza); Gte Erd 249; Elexp Berg; Izeta BHizt2 (arroltze).


Batzuek amaierako -a falta dute, batzuek -e dute -a amaieraren ordez, beste askok -l- edo -n- daukate -tz- aurrean, batzuetan monoptongatu egiten da -au- diptongoa… Hori ikusita, bistan dago zein den Euskaltzaindiaren zeregin garrantzitsuenetako bat: euskara estandarreko formak zehaztea edo finkatzea. Horretarako, Hiztegi Batua dugu erreferentzia: hitz zerrenda horretan daukazu zein den baturako aukeratu den berba bakoitzaren aldaera (Orotariko Euskal Hiztegia eta Hiztegi Batua –eta haiekin batera beste hainbat hiztegi– Mozilla Firefox nabigatzaileko Euskalbar tresna-barran dituzu; ez badaukazu, jaitsi ezazu Interneten!).

Eta Hiztegi Batuak dio arrautza dela batuko aldaera. Beraz, arrautzatik: liburuan irakurri zenuen hura guztiz zuzena da.


2/ Jakina, kasu markarik gabeko forma kontsonantez amaitzen bada, -ean deklinabide atzizkia erantsi behar zaio NON kasuan, mugatu singularrean (zure adibideak erabili ditugu):

 

Mugatu singularra[1]

Mugatu plurala

Mugagabea

Zuhaitz

zuhaitzean

zuhaitzetan

zuhaitzetan

Arbel[2]

arbelean

arbeletan

arbeletan

Flan

flanean

flanetan

flanetan



         [1] Gure blogean argitaratu dugun artikulu honek badauka kontu honekin zerikusia.

         [2] Ederto idatzi duzu arbel: irakasle askok eta askok uste dute arbela dela, eta beraz arbelan esaten dute, arbelean zuzena esan   ordez.