Galdera

 

Encadenamiento hacia atrás: nola eman euskaraz?

 

Data: 2015/03/04



Erantzuna

 

Gure ustez, atzeranzko kateatzea izan liteke ordain egokia.

 

 

1/ EHUko testu honetan, atzeranzko kateatzea terminoa erabiltzen dute: Esku hartze psikopedagogikoa.

 

 

2/ Zer da, baina, atzeranzko kateatzea?

Pedagogiako, Psikologiako edo orokorrean Giza Zientzietako terminoa da kontsultakoa. Hona hemen IRALEren R400 ikastaroan Amaia Lertxundik idatzitako liburu bateko pasartea (Behavorismoa eta gizarte-talde ahulekin erabiltzeko zenbait teknika):

«Eguneroko bizitzan ikasten ditugun jokabide asko jokabide-segmentuen sekuentziek osatzen dute. Horrek esan nahi du ordena jakin bat dagoela jokabide-segmentuen artean, eta jokabide-segmentu bakoitza diskretua dela eta ez, jarraitua. Jokabide-kate deituko diogu jokabide-segmentuen sekuentziari, eta horien adibide dira honako hauek: janztea, zapaten lokarriak lotzea, garbitzea, bainatzea, hortzak eskuilatzea, jatea, idaztea, matematikako kalkuluak egitea, aparaturen bat erabiltzea, musika-tresnaren bat jotzea, tenis-sakea egitea, kotxea martxan jartzea, fabrikako muntaketa-katean lanean aritzea...»

 

Hala, eman dezagun ikasle autista bat daukagula, eta lortu behar dugula autonomoa izatea hortzak garbitzeko. Horretarako, aurrena pauso edo jokabide segmentu guztiak zehaztu behar dira:

 

·  Sartu komunera eta piztu argia.

·  Hartu edalontzia eskuineko eskuarekin.

·  Zabaldu kanila ezkerreko eskuarekin.

·  Bete edalontzia.

·  Itxi kanila ezkerreko eskuarekin.

·  Ipini edalontzia konketaren albo batean.

·  Hartu hortzetako pasta eskuineko eskuarekin.

·      […]

·  Ipini eskuila bere lekuan.

·  Eutsi eskuzapiari bi eskuekin.

·  Sikatu aurpegia eskuzapiarekin.

·  Sikatu eskuak eskuzapiarekin.

·  Ipini eskuzapia bere lekuan.

·  Itzali argia eta irten komunetik.


a.       Pauso horiek irakasteko teknika bat aurrerantz kateatzea da (aurreranzko kateatzea): sekuentzia horretako lehen pausoarekin hasi, eta, behin kontrolatuta edukita, bigarren pausoari ekin; gero hirugarrena, gero laugarrena, eta horrela pauso guztiak kateatu arte.

 

b.      Beste teknika bat da pauso horiek atzerantz kateatzea (atzeranzko kateatzea): aurrena azken pausoa irakatsi, eta, behin kontrolatuta edukita, azkenaurrekoari ekin; gero herenazkena (azken hirugarrena), eta beste guztiak lehenera heldu arte.

 

 

2/ Hona beste hizkuntza batzuetan nola esaten den:

·         Ing.: Backward chaining

·         Fr.: Chaînage arrière