Galdera

 

Desberdin ala ezberdin

 

Data: 2015/03/04



Erantzuna


Biak dira guztiz sinonimoak.

 

 

1/ Euskara batuko hitzen formak zein diren jakiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo behar duzu (Mozilla Firefox nabigatzaileko Euskalbar tresna barran daukazu hitz zerrenda hori kontsultatzeko bidea, esaterako).

Hona zer jasotzen duen Hiztegi Batuak:


desberdin izond. Sin. ezberdin

desberdindu, desberdin/desberdindu, desberdintzen. da/du ad. Sin. ezberdindu

desberdintasun iz. Sin. ezberdintasun

 

Beraz, bata zein bestea erabili dezakezu beldurrik gabe.

 

Bide batez esanda, hiztun askok eta askok gaztelaniatik hartutako diferente ere erabiltzen dugu barra-barra, ezberdin eta desberdin hitzen sinonimo modura. Bada, hona zer jasotzen duen horren kontura Hiztegi Batuak:


diferente izond. h. desberdin; ezberdin

 

Beraz, Euskaltzaindiak onartu egiten du diferente hitza, baina hobetsi egiten ditu desberdin eta ezberdin (horixe adierazten du ‘h.’ laburdurak).

 

 

2/ Beste kontu bat. Ezberdin edo desberdin izenondoak berdinaren antonimoak dira; beraz, zerbait berdina ez dela adierazten dute. Baina gaztelaniaz, hainbat, edo batzuk, edo denak… adierazteko ere erabiltzen dira diferente eta distinto izenondoak: “en diferentes ciudades del mundo (= zenbait)”, “en los diferentes capítulos de este libro (= guztietan)”… Kalko oker horren gaineko kontsulta bat egin ziguten behinola, eta esteka honetan daukazu zer erantzun genuen: “Desberdin hitza: esan daiteke euskaraz?”.