Galdera

 

Utzi zaitut ala utzi dizut?

 

Data: 2015/03/04



Erantzuna

 


Biak dira zuzenak, baina ez dute gauza bera esan nahi. Noiz erabili bata eta noiz bestea?

 

 

1/ Hemen utziko zaitutNOR-NORK

 

Testuinguru posibleak:

 

Autostop egin duzu, eta norbaitek bere autoan zaramatza. Halako batean, gidariak esango dizu:

Iritsi gara Ereñozura; hemen utziko zaitut, autobusaren geralekuan.

 

Amaitu da ikastetxean zenuten batzarra, eta ia lankide guztiak irten dira; zu zara azken aurrekoa, eta esaten diozu geratzen denari:

Ni ere banoa; hemen uzten zaitut bakarrik.

 

 

2/ Hemen utziko dizutNOR-NORI-NORK

 

Testuinguru posible bat

 

Lankideak ordenagailu txiki bat ekarri dizu ikasgelara, eta esan dizu:

Hemen utziko dizut notebooka, mahai gainean.

 

(Beste esanahi batzuk ere baditu utzi aditzak, laguntzailea NOR-NORI-NORK sailekoa hartzen duenean: Erretzeari utziko diot otsailaren 29an. / Gurasoek ez didate uzten gaupasa egiten.)

 

Orain arteko adibideek erakusten dute nola jokatu behar dugun euskara estandarrean ari garenean. Hala ere, zenbait hizkeratan –esaterako, sartaldeko bizkaieraren hizkera ugaritan– NOR-NORI-NORK saileko adizkiak erabiltzen dira hasieran jarri ditugun adibide horien kasuan ere.


Ailegeu gara Zamudiora; hemen itxiko’tsut, parkean.

Ni be banoa; hemen itxiten’tsut bakarrik.

 

 

Baliteke zure zalantza hortik sortu izana. Nola jokatu? Lagunartean, eskolako egoera ez-formaletan… hizkera naturala (euskalkia) erabiltzen baduzue, zuen inguruko ohiturei jarraitzea gomendatzen dizugu. Batua erabiltzen duzunean –testu akademikoetan, diskurtso formaletan…–, 1/ eta 2/ puntuetan azaltzen den moduan jokatu beharko duzu.