Galdera

 

Zein da zuzena: “norbait topatzearen beldur zegoen” edo “norbait topatzeko beldur zegoen”?

 

Data: 2015/03/18



Erantzuna

 

Norbait topatzeko beldur zen / Norbait topatzeko beldurrez zegoen / Norbait topatzeko beldurrak zegoen erabiltzea aholkatzen dizugu.

(“-tzearen beldur” dutenak ere zuzenak dira, baina askoz ere gutxiago erabili dira)

 

1/ Beldur izen edo izenondoaren kontura bi kontsulta egin dizkigute zure aurretik: “Noren beldur” eta “Beldur eman”. Lehenengoaren erantzunaren zati bat aldatuko dizugu hona:


«Gehienetan, NOREN kasuarekin joango da; baina ohikoa da NORI kasuarekin ere joatea, batez ere beldur(ra) izan/edun/eduki aditz-lokuzioarekin, […]. Eta, horretaz guztiaz gain, kontuan hartu behar duzu beldur hitzak menpeko perpaus bat ere hartu dezakeela osagarri.»

 

Azken kasu horretarako, adibide hauek eskaini genituen:


«Perpaus osagarriarekin (adjektibo zein izen):

·         Aitonari begira zegoen, ezer sumatuko ote zuen beldurrez.

·         Beldur naiz zer iritziko ote dion nire lanari.

·         Zerbait gertatu ote zaion beldur gara.

·         Beldur naiz irribarre batekin ez ote dizun erantzungo.

·         Haurra beldur da sugeak egongo direla.

·         ...»

 

Eta zure kontsulta heltzearekin batera konturatu gara azken adibide horietan guztietan aditza beti dagoela jokatuta, eta ez genuela zurea bezalako adibiderik eskaini.

 

 

2/ Nola erabaki zein egitura lehenetsi? Aukera (zuzen) bat baino gehiago dagoenean, guk beti aholkatzen dugu norberaren hizkeratik gertukoena hobestea, edo gehien erabiltzen dena gaur egungo euskaran. Baina zein da gertukoena? Zein da erabiliena? Hona erantzuna:

 

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren corpuseko adibideetan, perpaus osagarri jokatugabeen erdiek baino gehiagok “-tzeko beldur” egitura dute (69 adibidetatik 38k), eta oso gutxik “-tzearen beldur” egitura (69 adibidetatik 2k baino ez). Horiez gain, “-tzeaz beldur”, “-tzera beldur”, “-tzen beldur”… egiturak ere ageri dira literaturan.

 

Datuok artikulu honetatik atera ditugu: Alberdi, Xabier; Garcia, Julio; Ugarteburu, Iñaki: “Perpaus osagarri izenlagunak: tradizioa (1)”, in Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de UrquijoXXXIV-1, 2000.

 

Ereduzko Prosa Gaur gordailuan ere, azken urteotako liburuak  biltzen dituen gordailuan, askoz ere gehiago dira “tzeko beldur”aren adibideak. Sartu zaitez aurreko estekan, eta zuk zeuk ikusiko duzu zer-nolako desoreka dagoen. Adibide batzuk aldatuko dizkizugu hona:

·         Zer, gabardina zikintzeko beldurrez, ala?, Klausek, halako zerbait esan ziezaiokeen bakarrak. (Anjel Lertxundi, Ihes betea)

·         Sekula ere ez zidan halako arretaz entzun, nire ezpainen mugimenduak zainduz, hitz bakar bat galtzeko beldurrez. (Ramon Saizarbitoria, Gorde nazazu lurpean)

·         Eta ez zen ausartu mugitzen, zarata egiteko beldurrez, Joakina leihoa itxi gabe sartu baitzen ohera. (Joseba Sarrionandia, Lagun izoztua)

·         Buenos Airesera berriro sekula ez itzultzeko beldurrak jo ninduen. (J.L. Borges/Juan Garzia, Ipuin hautatuak)

·         Ni galtzeko beldur hori hunkigarria zen, ez dizut ukatuko. (Xabier Mendiguren Elizegi, Arima enkoniatuak)

 

 Euskaltzaindiaren gramatiketan ere (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak - VII: Perpaus jokatubabeak) aurkitu dugu kontu horren gaineko adierazpen bat (523.-524. orrialdeetan):

 

«Literatur tradizioan, maiztasun txikiagoz bada ere, -TZEKO perpaus jokatugabeen ondoan badira TZEAREN formako perpaus jokatugabeak ere:

·         Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen (Axular, Gero).

·       Guazen gaztelurat eta erakuts dezagun ez garela hiltzearen beldur (Laphitz, Bi saindu hescualdunen bizia).»

 

(lotsa, peril, beharra, ideia, arrazoi… izenen osagarriak dira gainerako adibideak).

 

Datu horietan oinarrituta aholkatzen dizugu “-tzeko beldur” delakoaren alde egitea.

 

3/ Kontsultan, “beldur egon” idatzi diguzu, eta erantzun laburrean bestelakoak jarri dizkizugu: “beldur izan”, “beldurrez egon” eta “beldurrak egon”. Zergatik? Gure ustez, zuzena da zure “beldur egon” hori, baina goragokoa errepikatuko dizugu: aukera (zuzen) bat baino gehiago dagoenean, guk beti aholkatzen dugu norberaren hizkeratik gertukoena hobestea, edo gehien erabiltzen dena gaur egungo euskaran.

 

Gure kasu honetan, “beldur egon” lokuzioa ez du jasotzen Hiztegi Batuak. Gainerakoak, bai, noski.