Galdera

 

Franquismoa ala frankismoa? Estatu Espainola ala Espainiako Estatua?

 

Data: 2015/03/24



Erantzuna

 

Frankismoa / Espainiako estatua

 

 

1/ Franquismoa ala frankismoa?

Hitz arrunta da frankismoa, eta hiztegiak jasotzen du, beraz. Euskal hitzen forma arautuak zein diren jakiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo behar duzu (Mozilla Firefox nabigatzaileko Euskalbar tresna barran duzu, beste hainbat hiztegirekin batera). Bertan aurkituko duzu frankismoa dela erabili beharreko forma.

 

Gainera, EIMAren Letra larriak liburuan esaten den bezala (77. or):

 

«Ez dira letra larriz idazten arteetako, filosofiako eta literaturako genero, estilo, joera eta konposizio moten izenak. Adibideak: erromantizismoa, gotikoa, inpresionismoa, kubismoa, klasizismoa, sinbolismoa, surrealismoa, existentzialismoa, postmodernitatea, barrokoa...»

 

Berdin gertatzen da noski korronte ideologikoekin (leninismo, komunismo, anarkismo…). Erne!: Lenin, Stalin, Franco… izen bereziak dira (larriz idatzi behar dira), baina haietatik sortutako mugimenduen izenak, berriz, izen arruntak (xehez idatzi behar dira).

 

 

 

2/ Estatu Espainola ala Espainiako Estatua?

Espainiako estatua idatzi behar duzula nabarmendu dizugu erantzun laburrean.

 

a/ Izen ofiziala Espainia da euskaraz, edo Espainiako Erresuma, eta bertako herritarren izena, espainiar edo espainol.

 

b/ Jende askok Espainiari eta Frantziari buruz aritzean egiten duen bezala ‘Estatu’ erabili nahi baduzu, komeni da –ofiziala ez delarik– letra xehez idaztea nongo estatua den agerian uzten duzuenean. Hala diosku Letra larriak liburuak bere 2.2.3.7.1. atalean (“Estatua”: 46.-49 or.). Eta adibide hauek eskaintzen dizkigu:

 

·         Euskal lurraldeen eta Espainiako estatuaren arteko elkarbizitza politikoa.

·         Nork irabaziko ditu Frantziako estatuko presidentea hautatzeko hauteskundeak?

 

Batzuetan, baina, ez da Espainiako edo Frantziako zehazten, ulertu egiten delako zein estaturen gainean ari garen; horrelakoetan, larriz idazten da Estatua:

·         Joan Karlos erregea izango da, hil arte edo abdikatu arte, Estatuaren burua.

 

c/ Espainol eta espainiar jentilizioak (beste jentilizio guztiak bezala: frantses, ingeles, aleman, marokoar, nafar, israeldar…), normalean, herritarrak izendatzeko erabiltzen dira, gizakiak izendatzeko.

 

Nahiz eta asko zabaldu diren gazta holandarra, frantziar iraultza, estatu espainola, konstituzio espainiarra... egiturakoak, hobe da Holandako gazta, Frantziako Iraultza, Espainiako estatua, Espainiako konstituzioa… erabiltzea haien ordez.