Galdera

 

Entradas por página: zuzena da orrialde-sarrerak?

 

Data: 2015/04/15



Erantzuna


Gure ustez ez. Testuinguru horretan, “Orrialde bakoitzeko sarrera kopurua” edo antzeko zerbait idatziko genuke guk.

 

 

1/ “Entradas por página” delakoak esan nahi du zenbat sarrera edo post bistaratu daitezkeen gehienez orrialde batean. Hala, eman diguzun adibidean, lau aukera daude: 10, 20, 50 edo 100.

20aren gainean sakatuz gero, argitaratu diren lehen 20 sarreren estekak bistaratzen dira lehen orrialdean; bigarren orrialdera joanez gero, hurrengo 20ak, eta horrela argitaratuta dauden guztiak amaitu arte.

 

 

2/ Euskaraz, beste hizkuntza askotan (gaztelaniaz, frantsesez…) baino askoz emankorragoa da hitz elkarketa: gazte-gazterik, ama-alabak, itxaron-gela, gaitzetsi, zelulabakar, indartze-ikastaro, aberri eguna, denbora galtze, eskuzabal… Horietan, askotarikoa da bi osagaien arteko harreman sintaktikoa.

 

Baina hitz elkarketak, euskaraz ere, mugak ditu: Euskaltzaindiaren 25. arauak (“Hitz elkartuen osaera eta idazkera”) dioen bezala:

«Osagaien arteko erlazio ilunak direla medio, mezu-hartzailearentzat ulergaitz gerta daiteke hainbat kasutan hitz elkartua. Hobe da kasu hauetan eraikuntza sintaktiko libreetara jo, argitasunaren mesedetan: unibertsitateko irakasleak, merkatuaren bilakaera, udaletxeen antolamendua edo elizbarrutiko museoa esan eta idatz dezagun halakoetan, unibertsitate-irakasleak, merkatu-bilakaera, udaletxe-antolamendua edo elizbarruti-museo modukoetara lerratu gabe.»

 

Bada, Euskaltzaindiak desegokitzat jotzen dituen unibertsitate-irakasleak, merkatu-bilakaera… eta horiek guztiak baino askoz ilunagoa da balizko “orrialde-sarrera” horren osagaien arteko erlazioa. Gure ustez, aurrez jakin gabe zertan den, ez dago inolako modurik igartzeko zein izan litekeen erlazio hori. Beraz, uste dugu egokiagoa dela kontzeptua bera azaltzea: zenbat sarrera bistaratuko diren orrialde bakoitzeko (Orrialde bakoitzeko sarrera kopurua”).