Galdera

 

Hizkuntz-proiektua ala hizkuntza-proiektua? 

 

Data: 2012/03/16



Erantzuna

 

Hizkuntza-proiektua edo hizkuntz-proiektua hautatzeko orduan, kontuan hartu behar da Euskaltzaindiaren 25. araua (Hitz elkartuen osaera eta idazkera). Arauaren arabera, izena+izena duten elkarketek aukerakoa dute marra (bikoteak eta errepikapenak ez direnean, horietan derrigorrekoa baita: maisu-maistrak, neba-arrebak, gizon-gizona...). Hortaz, zuzenak dira hizkuntza proiektua zein hizkuntza-proiektua.

 

Beste kontu bat da hizkuntza(-)proiektua edo hizkuntz proiektua hautatzea. Arauak hau dio a itsatsidun hitzen bokalaren galeraz:

 

Elkarteko lehenbiziko osagaiak a amaiera duenean a-rekin nahiz a gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia(-)azterketa. Bestelako  a itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete a  hori. Idazkerari dagokionez, amaierako a galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa.

 

Beraz, hizkuntz-proiektua ez da zuzena: a kenduz gero, hizkuntz proiektua idatzi behar dugu, marrarik gabe. Bestalde, jakin ezazu gero eta joera handiagoa dagoela a amaierako horiek ez kentzekoa. EIMAk, esate baterako, ez kentzea gomendatzen eta hobesten du eskola-materialetan (Ortotipografia, 69. orrialdea).

 

Hortaz, zure galderari erantzuteko aukeran duzu hiru modu hauetan idaztea: hizkuntza-proiektua, hizkuntza proiektua edo hizkuntz proiektua.