Galdera

 

Idazki ofizialetan, norberaren datuak ematean (Nik, Didac Busquets Colau, N.A.N. 090909T duenak, ohiko bizilekua helbide honetan duenak: Aldapa Goikoa kalea 22, 4.C  20777 Obaba (Gipuzkoa) eta kontakturako telefono hauek dituenak: X eta Y […]), jarri behar da NORK kasuko ‘-k’ marka atal guztietan?

 

Data: 2015/05/29



Erantzuna

 

 

Erabili ezazu beste eredu bat (honi erantsita doakizun txantiloia, esaterako).

 

1/ Ez diogu noski izuri nahi galdetutakoari. Euskaltzaindiaren 109. arauak (“Komunztadura aposizioetan”) diosku nola jokatu horrelakoetan:


«2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

• Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.

• Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.

• Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

 

Komunztadurarik gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez ere perpaus barruan kokatua dagoenak, eta, hortaz, ez da gomendatzekoa:

• ??Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.

• ??Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.

• ??Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.»

 

Beraz, zure moldeari eutsiz gero, zati guztietan jarri beharko zenuke kasu marka.

 

 

2/ Dena dela, uste osoarekin aholkatzen dizugu molde hori ez erabiltzeko: gaztelaniazko molde zaharkitu baten kalko zaharkitua eta euskararentzat guztiz desegokia da. Hona argudio batzuk:

 

• Astun-astuna gertatzen da sintaxia, kasu marka hainbestetan errepikatuta.

• ‘NI’ lehen pertsonan hasten zara, baina gero hirugarren pertsonara pasatu: “duenak”.

• Puntuazio egokia aplikatzea ia ezinezkoa da, bi puntuen eta komen anabasa horretan oso zaila baita atalak bereiztea.

 

 

3/ Gaur egun, ahalik eta egitura argienak erabiltzea da joera. Hortaz, txantiloi bat prestatu dizugu zurearen ordez erabiltzeko, honekin batera doakizuna. Ez dugu ezer asmatu: IVAPeko estilo liburuan (233.-344. or.; gure kasuan, 324. orrialdekoa) eskaintzen direnak moldatu besterik ez dugu egiten.