Galdera

 

Badago gusturen esaterik euskaraz? Zuzena da: “Jolastorduan, zertan aritzen zara gusturen?”?

 

Data: 2015/06/15



Erantzuna

 

Bai, gustura aditzondoaren superlatibo erlatiboko forma da gusturen.

 

1/ Aditzondo batzuek, adjektibo gehienek bezala mailakatzea onartzen dutenez, gradu markak (-ago, -egi eta -en) eta maila adberbioak (oso, aski…) ere hartu ditzakete; beste batzuek, haietako batzuk bakarrik; eta, azkenik, beste batzuek ez dute onartzen inolako markarik:

 

urruti

urrutiago

urrutiegi

urrutien

berandu

beranduago

beranduegi

beranduen

zuzen

zuzenago

zuzenegi

zuzenen

ederki

ederkiago

ederkiegi

ederkien

gustura

gusturago

gusturegi

gusturen

artez

artezago

artezegi

artezen

agerian

agerianago

agerianegi (?)

agerianen (?)

honantz

honantzago

honantzegi

honantzen

honela

honelago

honelegi

honelen

atzo

atzoago

atzoegi

atzoen

 

Ez dago aurrez esaterik zein aditzondok zein marka hartu ditzakeen. Azken bi adibideetan argi dago, semantikak berak (esanahiak) galarazten baitu; baina, beste batzuetan, semantikaz gain, beste faktore batzuek ere hartzen dute parte:

·         Adjektiboak ere badirenek errazago hartzen dituzte markak kasu-marka bat dutenek baino.

·         Badirudi euskalki batzuetan aiseago onartzen direla.

·         Pragmatikak agintzen du batzuetan: agerianago forma hainbat idazlek erabili dute, baina eta agerianegi (egia esan, Itxaro Bordak erabili zuen Entre les loups cruels obran)? Eta agerianen? Guk, printzipioz, ez genituzke onartuko, baina ez dugulako inoiz entzun edo irakurri: beste arrazoirik ez daukagu (agerienik esan eta idatziko genuke hori esateko).

·        

 

2/ NORA kasuko ‘-ra’ marka hartzen duten aditzondo batzuek, esaterako, hartzen dituzte gradu marka horiek (euskalki batzuetan, behinik behin):

gora

gorago

goregi

goren

behera

beherago

beheregi

beheren

aurrera

aurrerago

aurreregi

aurreren

atzera

atzerago

atzeregi

atzeren

kanpora

kanporago

kanporegi

kanporen (?)

 

 

3/ Kontsultan aipatu diguzun esaldia, beraz, zuzena da: “Jolastorduan, zertan aritzen zara gusturen?”.

Baina ez da noski hori adierazteko euskaraz dagoen bide bakarra. Gorago esan dizugun bezala, adjektiboek (kalifikatiboak) errazago hartzen dituzte gradu markak, eta horietako batez baliatu gaitezke: gustuko (izena + ‘-ko’ egitura dauka noski, baina fosilduta bezala heldu zaigu; beraz, bete-betean hartu dezakegu adjektibotzat).

 

“Jolastorduan, zertan aritzen zara gusturen?”  = “Jolastorduan egiten dituzunetatik, zein duzu     gustukoen(a)?” = “Jolastorduan egiten dituzunetatik, zein duzu beste guztiak baino gustukoago?”