Galdera

 

“Zatoz hona! Ez zara jostailuak batzeTIK libratuko” edo “Zatoz hona! Ez zara jostailuak batzeKO libratuko”: zein da zuzena?


Data: 2015/09/24



Erantzuna

 

“Zatoz hona! Ez zara jostailuak batzeTIK libratuko”

 

 

 

1/ Libre adjektiboaren eta libratu aditzaren osagarriak NONDIK kasuan doaz:

 

·         Bi gizon klase daude lege horretatik libre: aberatsak eta zoroak

·         Gerlan zerbitzatzetik libre dena

·         Enemigoen atzaparretatik libre nagoela!

·         Hogei eta bat urthiak betherik eztütienak barur egitetik osoki libre dira? (Hogeita bat urteak beterik ez dituztenak barau egitetik guztiz libre dira?)

 

·         Beti azkeneko geldituko da, ea meza-laguntzetik libratzen dan.

·         Errusira joatetik doi-doi libratu baitzan.

·         Amutik libratu nai zuan gaixoak, baiña ezin.

·         Armadatik libratü zelarik etzen haboro ützüli eskolalat. (Armadatik libratu zelarik, ez zen gehiago itzuli eskolara)

 

Adibide guztiak Orotariko Euskal Hiztegitik atera ditugu, euskarazko hiztegi historikotik: argitaratu ziren grafian ekarri ditugu hona.

 

Jakina, gaur egungo idazleek ere modu berean erabiltzen dute adiera horretan libratu aditza. Adibideak ikusteko, Ereduzko Prosa Gaur gordailura jo dezakezu; esteka honetan klik egin, eta bertan jasotakoak bistaratuko dituzu; adibidez, hauek biak:

·         Esaten dutenez, atxilotua zutelarik, aukera izan zuen fusilatzetik libratzeko, baina ez omen zion aukera hari heldu nahi izan. (Juan Luis Zabala: Agur, Euzkadi, Susa, 2000)

·         Ama zen gona jaistetik libratzen zen bakarra,[…] (Gianni Celati / Pello Lizarralde: Denak hasperenka, Igela, 2005)


Oharra: 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen ditu Ereduzko Prosa Gaur corpusak; oso erosoa da gaur egun bertan bilatzea, Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran dagoelarik (Orotariko Euskal Hiztegiarekin batera).

 

 

 

2/ Esaldi horrekin adierazi nahi duzuna beste hainbat modutan eman daiteke euskaraz noski. Esaterako:

 

“Ez pentsatu hain erraz joango zarenik jostailu guztiak jaso gabe, e?”