Galdera

 

Gutunetan edo enpresa txarteletan, nola idatzi behar da: zuzendaria ala zuzendari, ikasketaburua ala ikasketaburu?

 

Data: 2015/10/05



Erantzuna

 

Zuzendaria / Ikasketaburua

 

 

 

1/ Zer kasutan ez da izen sintagma bat mugatua? Labur esanda, hiru kasu hauetan baino ez da gertatzen:

a.       Partikula mugagabe batekin doanean:

·         Joan den asteartean, hogei bat zuzendari bildu ziren IRALEkoen aurkezpenera.

·         Bertan, kontsulta zerbitzua erabiltzeko hainbat jarraibide azaldu genizkien.

 

b.      Zenbait predikatu osagarritan, batez ere aditz jakin batzuekin, eta predikatua izen batek edo izen sintagma batek osatzen badu (barkatu hizkera teknikoa: adibideetan identifikatuko duzu zertaz ari garen):

·         Josune ikasketaburu dabil gure ikastetxean.

·         Aho batez izendatu zuten zuzendari.

·         Gustura dago semetzat hartu duten gurasoekin.

·         Erabaki dut irakasle joatea datorren urtean Yaleko unibertsitatera.

Aditza izan denerako, badaukagu gure datu-basean horren gaineko artikulutxo bat.

c.       Zenbait aditz konposatutan, fosildu bezala geratu diren osagarrietan: su eman, hitz egin, min hartu

d.      Bokatibo edo deikietan (kasu honetarako ere, badugu beste artikulutxo bat):

·         Ez kezkatu, emakume! / Ez kezkatu, emakumea!

·         Zuk, irakurle, ondo dakizu... / Zuk, irakurlea, ondo dakizu...

 

2/ Beste kasu guztietan, beraz, izenak (izen sintagmak) mugatuta joaten dira. Beraz, Han-hemenka ikusten diren HARATEGI, KAFETEGI, LIBURUTEGI, OBABAKO BATZOKI… errotuluak ez dira zuzenak euskaraz!

 

Gutun bat izenpetzean edo helbide txartel horietan kargua adieraztean ere, horrelaxe jokatu behar duzu: artikulua jarri behar zaio. Adibide gisa, txartel bat diseinatu dugu zuretzat:


JOANES ETXEBERRI BHI

OBABA

 

Andoni Txabarri Eguren

ZUZENDARIA

975 864 321

atxabarri@etxeberribhi.eus

Txillardegi, 34

20108 Obaba

Tf.: 993 21 22 23

www.jetxeberri.eus