Galdera

 

“Ni naiz hori egin duena” ala “Ni naiz hori egin dudana”?

 

Data: 2015/0 /



Erantzuna

 

Neuk egin dut hori




1/ “Ni naiz hori egin dudana” ez da zuzena. Izatekotan, “Ni naiz hori egin duena” behar luke.



2/ Baina horrelako itzulinguruak inguruko erdaretan erabiltzen dira galdegaia markatzeko:

 

Gazt.

Fr.

Ing.

Soy yo quien hizo eso.

C’est moi qui ai fait ça.

It is me who did that.

 

Gaztelaniaz, bestela, “Eso lo hice yo” aukera ere badago, subjektua aditzaren ondoren emanda; gaztelania estandarrean galdegaiari dagokion tokian, hain zuzen ere.


Beste deklinabide-kasu batzuei dagozkien horrelako erlatiboak ere aise eraikitzen dira erdaretan:

 

Gazt.

Fr.

Ing.

Es contigo con quien aprendí a cocinar.

C'est avec toi que j’ai appris à cuisiner.

It is with you that I learnt cooking.

 

Euskaraz porrot egingo genuke egitura hori kalkatuz gero: “Zurekin da…”. Hizkuntza mintzatuan “zurekin” sintagmari enfasia emanda (eta idatzi estandarrean aditzaren aurrean jarrita) adierazten dugu arazorik gabe euskaraz:

Zurekin ikasi nuen janaria prestatzen”.


Eta berdin:

·         “Es de Irán de donde han venido los últimos refugiados” > “Iranetik etorri dira azken errefuxiatuak”

·         “Por eso es por lo que no le entiendo ni una pizca” > “Horrexegatik ez diot piperrik ere ulertzen



3/ Horrela jokatzeko gomendatzen digu EIMAk ere bere Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburukian (1.3.3.2 atala, 44.-46. or.).



4/ Erantzun laburrean, neuk (nihaurek, neronek) idatzi dizugu, baina zenbait hiztunentzat arrotzak izaten dira forma indartu horiek: galdegaiaren lekuan ere, izenordainen forma arruntak erabiltzen dituzte; beraz, zuzena da beste hau ere:

Nik egin dut hori