Galdera

 

Detección precoz eta detección temprana: nola bereizi euskaraz?

 

Data: 2015/10/14



Erantzuna


Bereiztea ezinbestekotzat joz gero,


Detekzio goiztiarra (precoz) / Detekzio azkarra (temprana)

 

 

1/ Zer alde dago detección precoz eta detección temprana formulen artean?

 

Egia esan, gehienontzat guztiz parekoak dira bi kontzeptuok erdaraz; aditu gutxi batzuek, ordea, bereizi egiten dituzte:

 

·         Deteccion/Diagnóstico precoz:

Gaixotasuna garatu aurretik egiten dena (sintomak agertu aurretik). Beraz, gaixotasuna inoiz ez garatzea ekarri lezake garatu baino lehen detektatzeak.

 

·         Deteccion/Diagnóstico temprana/o:

Gaixotasunaren lehen estadioetan egiten dena (sintomak azaleratu eta gero, baina oraindik arinak direnean). Garaiz detektatzeak, beraz, aukera eman lezake gaixotasuna oso larria izan baino lehen –edo atzerakorik ez duela– sendatzeko.

 

 

2/ Euskarazko testu zientifikoetan, detekzio goiztiar formula baino ez dugu topatu; eta, Interneten hainbat kata eginda, konturatu gara frantsesez eta ingelesez –behinik behin– ez dutela horrelako bereizketarik egiten.

 

Beraz, zalantzan jartzen dugu bi termino eraiki behar ote diren; azken finean, termino bakoitza zertan den jakin ezean, irakurle arrunt batek pentsatuko du guztiz sinonimoak direla.

 

Terminoak eraikitzea baino askoz ere garrantzitsuagoa da kontzeptuok argi azalduta bereiztea; eta, horretarako, hizkera naturala erabiltzea izaten da gakoa: horrexegatik nabarmendu dizkizugu aurreko puntuan garatu baino lehen detektatu eta garaiz detektatu.

 

 

3/ Kontsulta egitean, aipatu diguzu dislexiaren gainean ari zarela lanean. Ondo ulertu badugu, beraz, honela formulatu liteke bereizketa:

 

·         Detekzio goiztiarra: Haur Hezkuntzan –haurrak idazketa-irakurketari lotutako trebetasunak garatu baino lehen– nahasmenduaren zantzuak detektatzea.

·         Detekzio azkarra: Lehen Hezkuntzan –haurrak idazketa-irakurketari lotutako trebetasunak garatzen hasitakoan– nahasmenduaren sintomak detektatzea.