Galdera

 

Nola esan behar genuke: “Nahi nuke fabore bat egin diezadazun” edo “Nahi nuke fabore bat egingo bazenit”? Zein da forma bietan “jatorrena”?

 

Data: 2015/10/14



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak. Eta beste hauek ere: “Nahi nuke fabore bat egitea”, eta, noski, “Egingo didazu fabore bat?

 

 

1/ Nahi izan (gura izan, nahiago izan, gurago izan, opa izan, desio izan…) aditzaren osagarria perpaus bat izan daiteke noski.

Dakizuenez, nahi izan aditzaren subjektua eta osagarriarena bat datozenean, partizipioa erabiltzen da osagarrian (hizkera batzuetan, aditz-izena ere baliatzen da):

·         Kafe bat hartu nahi nuke lokartu baino lehen.

·         Fabore bat egin nahi dizut.

Subjektuak desberdinak badira, berriz, gehienetan aditz-izena erabiltzen da, bai eta subjuntiboan doan aditz jokatu bat ere:


a/ Aditz-izenarekin (informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu EGLU VII (Perpaus jokatugabeak), 580.-585. or.):

·         Nirekin kafe bat hartzea nahi nuke.

·         Fabore bat egitea nahi nuke.


b/ Subjuntiboko perpaus osagarriekin (informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu EGLU V (Mendeko perpausak - I), 137.-138. or.):

·         Nirekin kafe bat hartu dezazun nahi nuke.

·         Fabore bat egin diezadazun nahi nuke.

 

Baina badago beste aukera bat ere, EGLU V (Mendeko perpausak - I), 138. Orrialdean ohartarazten gaituztenez:

«[…] baldintzaren bitartez ere –normalean baldintza hipotetikoaren bitartez– egin daitezkeela antzeko perpausak:

a. Nahiago nuke hori egia balitz.

b. Orduan desiratzen luke bertzela pasatu balitu bere denborak (A. Baratciart,

Guiristinoqui bicitzeco eta hiltceco moldea, 118s).»


 

c/ Baldintza-perpausekin:

·         Nahi nuke kafe bat nirekin hartuko bazenu.

·         Nahi nuke fabore bat egingo bazenit.

Azken baliabide horrek zer hedadura duen jakiteko, Orotariko Euskal Hiztegira jo dugu, nahi izan sarrerara hain zuzen ere. Bertan aurkitu dugu pasarte esanguratsu hau:

«En los casos de no correferencia, además del sust. vbal. determinado o del subjuntivo, hay como complemento de nahi condicional (nahi(ko) nuke, luke, etc.), formas personales irreales o hipotéticas introducidas por la partícula ba-, del tipo balitz, balu, baleza, etc., ya desde Dechepare al Norte; al Sur son bastante menos frecuentes, aunque cf. infra construcciones semejantes s.v. NAHIAGO IZAN.»

·         Nahi nuke egiten balu.

·         Nahi nuke egin baleza.

·         Nahi nuke jin baladi.

·         Nik hura nola, nahi nuke hark banenza onhetsi.

·         Ixil bazinite nahi nikezu.

·         Amorosak nahi nuke honat beha balite.

·         Nahi noke har baziniesa mantua edo kapa baten neurria.

·         Nahi nuke afaria prest baliz ezen apetitoa dut.

·         Nahi nuke iben bazinitza begiak, huni beha baziniazo.

·         Nahi nuke liburu huntan bakhotxak aurki baleza [...] guzia.

·         Nahi nuke zerbait erran bazineza abere batzuen gainean.

·         Heriotzeko ordura heltzean, nola nahi zinduke bizi izatu bazina?

·         Naiko luke bereala / sekatzen balira.

·         Nahi lukete beraz ez balitz Jainkorik.

·         Nai neuke ezkonduko balitz gizaseme on bategaz.

·         Bertzeek nahi lukete eskoletxe bereziak balire hortako.

·         Erria basamortu illun biurtu izan balitz nai eukean.

·         Nahi niken hemen bahintz.

Beraz, badirudi Hego Euskal Herriko hizkeretan ez dela horrenbeste erabiltzen, salbu eta nahiago izan (gurago izan) aditzarekin:

·         Naixago neuke jausi eta apurtuko balitza pitxar madarikatua!

·         Naixao nauke edurra eingo baleu.

·         Nahiago nuke hori egingo ezpazendu.

·         Naiago neuke ia onezkero / maira ezpaletor besterik.

·         Nahiago bainuken nik izan balitz han [...] gure arteko apezetarik bat.

·         Naiago nuke zerorrek zere begiz ikusiko bazendu.

 

2/ Lagunarteko testuinguru batean adierazi nahi baduzu halako desio bat, zer forma hobetsi?

Estilo informalean, “Egingo didazu fabore bat, Kepa? edo Kepa, gauzatxo bat: fabore bat egitea nahi nuke”.

Horren zuzena ez baduzu izan nahi, Eskertuko nizuke, Kepa, fabore bat egingo bazenit”.

Estilo formalean, zerbaitegatik hizkera puztua erabili nahi bazenu (esaterako, Kepa horri euskarazko subjuntiboa ondo menperatzen duzula erakutsi nahi bazenio), “Nahi nuke fabore bat egin diezadazun, Kepa”.

Ezin dizugu esan, beraz, subjuntiboa baldintza baino jatorragoa den edo alderantziz. Helburua zein den, mezuaren hartzailea zein den, forma bat edo beste erabili behar zenuke.