Galdera

 

Bisita-txartelak prestatzen ari gara, eta zalantzatan gabiltza: “Ibilgailuen mantenimendu saila”, “Ibilgailuen mantenimenduko saila” ala “Ibilgailuen mantenimendua saila”? Eta berdin, beste sail guztiekin.


Data: 2015/10/15



Erantzuna

 

Taula bat osatu dugu helarazi dizkiguzun zalantza guztiekin. Hura osatzeko, EHUko Izendegia (ikastegi, sail, jakintza-arlo eta unibertsitate-institutuak) dokumentuan oinarrituko gara. Haren zati bat aldatuko dugu hona:

 

SAILEN ETA JAKINTZA-ARLOEN JOSKERA

 

Sailen eta jakintza-arloen izena ematerakoan, sail edota jakintza-arlo hitzak agerian utzi behar badira, aposizio-bidea eta baliabide ortotipografikoak (letra etzana) erabiltzea gomendatzen dugu (1 eta 3), eta ez erlazio-atzizkia (-ko, -en) agerian uztea (2 eta 4). Honela:

 

1. Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak saila

2. ? Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuen saila

3. Administrazio Zuzenbidea jakintza(-)arloa

4.? Administrazio Zuzenbideko/Zuzenbidearen jakintza(-)arloa

 

Mondragon Unibertsitateko web-orrian ere aurkitu ditugu zenbait aholku erreferentzia horiek (esaterako, helbide txarteletan, e-mailetako sinaduretan, kongresuetan eta hitzaldietan argitaratzen diren dokumentuetan…) egiteko:

John Smith

Elektronika eta Informatika Saila

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa

http://www,mondragon.edu/eps

Loramendi 4, 20500 Arrasate-Mondragon; Espainia

Tel: 00 34 943 79 47 00

 

John Smith

Mekanika eta Produkzio Industriala Saila

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa

Loramendi 4, Mondragon 20500 Gipuzkoa; Espainia

 

Oharrak:

·         Ez ditugu letra larriak erabiltzen sail, arduradun eta buru hitzetan.

·         Pertsonalaren prestakuntza (edo formazioa) “pertsonala prestatzea”ren pareko zerbait da; beraz, -aren deklinabide atzizkia behar du, eta ez -ko atzizkia.

·         EHUko irizpideetan esaten den bezala, aukera bat da sail guztien izenak letrakera etzanez idaztea, nolabaiteko deiturak-edo direla nabarmentzeko. Haien adibideetan ez da letrakera etzana ageri; guk, berriz, erabili dugu.

·         Ez dakigu sail hitza den egokiena; ohitura kontua baino ez da izango, baina departamentu edo mintegi ere izan litezke egokiak.

Responsable Automoción en Obaba

Automobilgintza arduraduna Obaban

Automobilgintzako arduraduna Obaban

Responsable del TKGune de Energía

Energia TKGuneko arduraduna

Formación del Personal

Pertsonalaren Prestakuntza/Formazioa

Jefa Departamento Imagen Personal

Irudi Pertsonala saileko burua

Jefe Departamento Fabricación Mecánica

Fabrikazio Mekanikoa saileko burua

Jefe Departamento Transporte y Mantenimiento de Vehículos

Garraioa eta Ibilgailuen Mantenimendua saileko burua

Jefe Departamento Formación y Orientación Laboral

Laneko Prestakuntza eta Orientabidea saileko burua

Tutores de FCT (Formación en centros de trabajo)

LPko tutoreak (LP = Lantokiko prestakuntza)

Tutor de FCT del Departamento de Electricidad y Electrónica

Elektrizitatea eta Elektronika saileko LPko tutorea

Departamento de Formación y Orientación Laboral

Laneko Prestakuntza eta Orientabidea saila

Departamento de Imagen Personal      

Irudi Pertsonala saila

Departamento de Fabricación Mecánica

Fabrikazio Mekanikoa saila